Eguraldi txarrari aurpegi ona

Txintxarri Aldizkaria 2016ko uzt. 2a, 15:28

Jaietako azken eguna goibel esnatu da. Euria egin du tarteka baina egitarauak aurrera jarraitu du. Haurren danborrada izan da goizeko ekitaldi jendetsuena. Ohi bezala haur zein gaztetxoak argazkietako protagonistak izan dira.

Goizean ohiturari jarraikiz, bola jokoa izan da bolatokian Ostadar S.K.T-ren eskutik. Bertan jokaldi politak ikusi ahal izan dituzte gerturatutakoek, 30 bat parte hartzaile izan dira eta bakoitzak 6 tiraldi egin ditu. Jarraian, festetan falta ezin den herriko pilota txapelketako finalak jokatu dira Intzak antolatuta. Honetan benjamin, alebin eta infantil partidak jokatu dira jende andana Loidi barrengo frontoian bilduz.

Sorgin Jaietan berriz, VI. bakailao txapelketari eman diote hasiera Okendo plazan. Usapalek emandako bakailaoa ahalik eta goxoen prestatu dute lehiaketara aurkeztutako 16 bikoteak. Sari banaketa eguerdian egin da eta honetan lehenengo postua eskuratu du Txomin eta Juan Luis Yeregik osatutako bikoteak. Bigarren geratu dira Marian Bueno eta Ane Miren Sarasola. Hauek ere jaso dute Buruntzazpi elkartearen izenean egurrezko goiara.

Epaimahaiak lan gogorra izan du, honetan izan dira Iñaki Izagirre, Martin Berasategi, Txemi Zulaika, Ainhoa Ormazabal eta Jon Gonzalez.

Danborrada

Baina kirola eta gastronomiaz gain, goiza hartu du haur eta gaztetxoen danborradak. 11:00etan puntual hasi da Okendo plazan euriari aurre eginez. Dantzarako tartea ere izan dute herritarrek gaur. Ttakunek kantu-dantza jira abiatu du Sagardotegi kaletik eta asko izan dira kantatzera edota dantza egitera animatu direnak. Jai giro goiza izan da eguraldiak asko lagundu ez duen arren.

Goizeko argazki albuma.