LOKEko atletek aire libreko Espainiako junior txapelketa jokatuko dute asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko uztailaren 2a

Herria San Pedro jaietan murgilduta egon arren, LOKEko atletek ospakizunak alde batera utzi eta aire libreko Espainiako junior txapelketan hartuko dute parte. Eneritz Busto, Ane Galardi eta Maider Rekondok ordezkatuko dute LOKE. Urte askotan taldekide izandako Itoitz Rodriguez ere ariko da -Realean egiten du lasterka orain eta LOKErekin entrenatu, Estatu Batuetatik itzuli ostean-.

Eneritz Bustok 100 metro hesietako proban hartuko du parte. Sailkapen orokorrean bosgarrena da herritarra, baina behin baino gehiagotan erakutsi duen lez, hazi egiten da konpetitzeko ordua iristen zaionean, eta baliteke dominaren bat lortzeko aukera edukitzea.

Ane Galardi 100 metroetan eta jauzi hirukoitzean ariko da lehian. Denboraldi zaila izan da aurtengoa berarentzat, bizkar arazoak tarteko. Merezitako saria jasoko du orain. 100 metroetako proban kanporaketaren bat gainditzen saiatuko da; jauzi hirukoitzean, berriz, marka hobetzen.

Maider Rekondok hiru diziplinatan konpetituko du: pisu, jabalina eta disko jaurtiketan, hain justu. "Pisu eta disko jaurtiketetan onenen pare ibili behar luke; egun oso on bat edukitzen badu, dominetatik gertu ibiliko da", zehaztu du Oscar Goikoetxea prestatzaileak.

Azkenik, Itoitz Rodriguezek 400 metroak egingo ditu. Sailkapen orokorrean bigarrena da, eta domina lortzeko aukera garbiak ditu. Goikoetxeak adierazi duenez, 48 segundotatik jaistea du helburu Rodriguezek.