Hilabetez aldatu dugu, baina giroak berdin-berdin jarraitzen du: festa da nagusi Lasarte-Oriako kaleetan. Herritarrek ekintza ugariz gozatu dute arratsaldean.
Gaztetxoenek ederki pasa dute Andatza plazan. Haur parkean aritu dira lehenengo, eta apar festan ondoren. Bustita, baina pozik geratu dira denak.
Sorgin Jaiakek antolatutako Oriako jaitsieran parte hartu dutenak ere busti dira ederki. Eguraldia ez da izan onena, baina horrek ez ditu atzera bota parte hartzaileak, ezta gutxiagorik ere. Hogei bat pertsonak hartu dute parte guztira. Egiari zor, baxu dago ibaiaren maila, eta horrek zaildu egin du apurtxo bat herritarren jarduna.
Kontzertuak
Musikak ere ezin zuen falta uztaileko lehen arratsaldean. Sorgin Jaiaken eskutik, Villa Mirentxun jotzekoak ziren Vallecaseko La Sombra del Vaso eta herriko 'talde sorpresa' bat -The Garax-, baina eguraldi txarra tarteko, Madrildik etorritako taldeak Kale Nagusiko arkupeetan eskaini du kontzertua.
Bien bitartean, Artistas del Gremio fanfarreak ikuskizun paregabea eskaini du herriko kaleetan zehar, lehengo urtean egin bezala.