Haurren goiza

Txintxarri Aldizkaria 2016ko uzt. 1a, 15:13

Eguraldia grisarekin esnatu gara festetako azken aurreko egun honetan. Bart parranda luzea bota zuten batzuek eta nabaritu egin da kalean. Atzokoan bezala, haur eta gaztetxoek hartu dute herria.

San Pedro jaiak bukatzen ari dira eta gaurkoa jai egun luzea izango denez, indarrak berreskuratzeko edota bart egindako parranda luzea izan zelako, goizean haur eta gaztetxoak izan dira nagusi herriko kaleetan.

Ostadarrek antolatuta, toka eta bola jokoak izan dira haurrentzat eta toka botaldia helduentzat. Agian eguraldi grisa medio, pixkanaka joan dira hurbiltzen bai heldu zein haurrak jokoetara. Helduen artean, trebezia erakutsi dute parte hartzaileek, heurren artean berriz, denetarik ikusi ahal izan da.

Andatza plazan gaur puzgarriak dira nagusi eta ume asko gerturatu da guraso, lagun zein aitona amonekin. Parkea berriz ere 16:30etatik aurrera izango da zabalik goizean bertaratu ezin izan dutenentzat. Eguerdia iristearekin batera algarak hasi dira Okendo eta kale Nagusitik. Buruhandi eta erraldoien konpartsa atera da eta gaztetxoen atzetik ederki ibili dira. Ttirriki Ttarrakakoen doinuek gidatuta ibilbidea egin dute herriko erdigunetik.

Arratsaldean, 17:00etan Oriako jaitsiera egingo da eta jarraian Villa Mirentxun kontzertuak antolatu ditu Sorgin Jaiak. Eguraldiak ateri eusten badu, apar festa izango dute txikienek egunari amaiera emateko. Ostean gau giroa berotzen joango da Doctor Deseoren kontzertua arte. Ondoren ere Psycho-Clown eta Kolpez Blai ikuskizunak izango dira. Goizeko zazpiretan, txokolatada izango da Udaletxe zaharreko arkupetan eta sokamuturra Elizatzen.  

Goizeko irudi galeria.