Herritarrek gogotik gozatu dute Ttakun KEk eta Lasarte-Oriako Udalak antolatutako bertso saioaz. Euren onena eman dute oholtza gainean Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Andoni Egaña, Patxi Etxeberria, Maialen Lujanbio eta Unai Muñoak.
Motorrak berotzen hasteko, Amaia Agirre gai-jartzaileak mikrofonoaren aurrean jartzera deitu ditu aipatu sei bertsolariak, agurra abes zezan bakoitzak.
Doctor Deseo, arraindegia eta hauteskundeak
Ondoren, binaka aritu dira bertsolariak. Beñat Gaztelumendi eta Ane Labaka izan dira lehenengoak. 25 urteko bi mutilen paperean sartu dira: Doctor Deseoren kontzertua ari dira entzuten, neska koadrila bat hurbildu eta bati ipurdia ukitu eta besteari mingainarekin keinuak egin arte. Egoeraren inguruan hausnartu dute biek.
Ondoren, Patxi Etxeberria eta Andoni Egañaren txanda izan da. Patxi Orioko arraindegi bateko jabea da, eta Andoni bertara sartu da. Txanda errespetatu gabe, galdera ezerosoak egiten hasi da etengabe.
Maialen Lujanbio eta Unai Muñoak hauteskundeen inguruko gai bat jorratu dute. Lasarte-Orian bizi den bikotea dira, baina euren jaioterrietan -Berrobin eta Hernanin- eman dute bozka. Gauean, Lasarte-Oriako etxean telebista piztu eta emaitzak ari dira ikusten. Unai itzali egin nahi du telebista, baina Maialenek itxoiteko eskatzen dio.
Herritarrek maila handiko bertso saio batez gozatu dute gaur gauean. Txalo zaparrada luzeekin saritu dute bertsolarien jarduna, emanaldiak iraun bitartean.