Elektro Txuflaren doinuek eman diote hasiera hirugarren eguneko parrandari. Herriko kaleetatik barrena ibili ostean, Pintore kalean eman dio amaiera emanaldiari taldeak. Gazte talde ederra izan da taldea jarraitzen ibili dena eta gaua luzatzeko prest zeudela ikusten zen.
Elektro txarangaren azken donuekin batera, Kalera Fest jaialdiaren argazkiez osatutako bideoa aurkeztu dute Esna Hadi elkarteko kideek.
Bien bitartean, afari potea dastatu dute Pintore kalean jarri den barrara hurbildu direnek.
Ostean, Sutura eta Txapelpunk taldeen emanaldia izan da. Trintxerpe eta Lekeitioko taldeek punk saio ederra egin dute.
Gauerdian, Kale Nagusian gora eta behera ibili dira bi zezen suzko eta haur, gazte eta helduek ederki egin dute korrika.
Hau amaitzean, Jaizkibel plazara hurbildu direnek Tsunami orkestraren eskutik mariachiak, salsa eta beste doinu ezagunak dantzatu dituzte.
Gaurko egitarauari amaiera emanez, Gozategiren doinuek dantzan jarri dute Okendo plaza. Herritarrek doinu ezagunen hitzak abestu eta ederki astindu dute gorputza taldearen abestien erritmora. Abesti berriak ere eskaini dituzte.
Asko izan dira gaua luzatu eta ordu txikiak arte kalean egoteko gogoa azaldu duten herritarrak.
Gaueko ekintzen irudiak argazki galerian; bideoak ere ikusgai daude.