Sorgin Jaien eskutik, ekintza bat baino gehiago izan dituzte txikienek San Pedro jaien hirugarren egun honetan. Pailazo eta magoez bete da Rem plaza, arratsaldean; hauek izan dira, arratsaldeko lehen orduetan etxeko txikienen arratsaldea girotzeaz arduratu direnak.
Irrien Lagunak taldea izan da arratsaldeari hasiera ematen lehena. Koloredun arropak soinean jantzita agertu dira. 17:00etan hasi dute "Irrien lagunekin kanta eta dantza" ikuskizuna. Kultura, natura, osasuna eta zientzia landu dituzte. Baina ez edonola; gaztetxoek ondo baino hobeto ezagutzen dituzten abesti eta dantzak uztartuaz. Beste zenbait abestiren arean, Epoitaitaiye eta maketume kantu ezagunak abesten aritu dira plazan bildutako gaztetxoak. Abestu bitartean, dantza egitera ere ausartu dira.
Tiritatxo, Marikalanbre eta Largabista aritu dira oholtza gainean, begira, txundituta zituzten haurrekin jolasean. Guztiek elkarrekin lortu dute helburu nagusia; irri txiki ugari egin dituzte gaztetxoek ordubete luze iraun duen emanaldi osoan zehar.
Rafafa eta Toni magoen txanda izan da ondoren. Magia ikuskizunerako materiala oholtzan, 18:30ak inguruan igo da agertokira Rafafa.Traje iluna soinean, gaztetxoen laguntzarekin batera ekin dio trikimailuak egiteari. Koloretako zapiak, kartak, makil-magikoa eta beste zenbait materialen bidez txunditu ditu gaztetxoak.
Haurrentzako arratsaldeko emanaldiak bukatu ostean, Esna Hadik antolatutako patata-tortila lehiaketa izan da 19:30, Pintore Plazan. 29 lehiakide aurkeztu dira. Epaimahaikideak Iñaki tabernako Francis Arruti, Arkupeko Jenni Garcia eta Furia Beltzako Oier Txoperena izan dira. Elaia Fadriquek, Eli Casasek eta Ana Valderrabanok irabazi dute.
Txarangen eskutik giro ederra
Arratsaldean zehar herriko kaleak girotzen aritu dira Oaintxe in deu! herriko txaranga eta Elektro Txufla Kaleko Banda. Bien bitartean, gaztetxoek berriro gozatu dute bigantxekin Isla Plazan.
Hori baino lehen, Sorgin Jaiakeko kideek antolatuta, hainbat gaztek hartu dute parte Sorgin Gunean egindako olinpiadetan.
Hemen arratsaldeko ekitaldiekin osatutako argazki-bilduma