Jai goiz lasaia

Txintxarri Aldizkaria 2016ko eka. 30a, 15:12

Atseden hartzeko goiza izan da gaurkoa askorentzat. Egitarauean batez ere haurrei zuzendutako ekintzak izan dira, buruhandiak eta haur parkea. Okendo plaza Biyak Bateko kideek hartu dute lerro dantza erakustaldi dotorea egiteko.

Gaurkoa lan eguna da askorentzat eta hori nabaritu da herriko kaleetan. Atzo baino parrandero gutxiago ikusten ziren goizean goiz etxerako bidean. Hala ere, jai giroa nagusi izan da. Txaranga doinuak izan dira lehenak entzuten eta hauen deiari erantzunez, haur eta gaztetxo koadrilak atera dira kalera jaietan gozatzen jarraitzeko asmoz. 

Andatza plazako haur parkean asko ziren guraso zein aitona-amonen laguntzarekin jolasean ari ziren haurrak. Adin guztientzako jokoak jarri dira, futbolin erraldoia, puzgarriak... arratsaldean ere aukera izango da hauetan jolasteko. Erraldoi eta buruhandien konpartsaren atzetik elkartu dira haur eta gaztetxoak oraindik ere buruhandiek tiroia dutela erakutsita. 

Okendon berriz, Biyak Bateko kideen lerro dantza erakustaldia izan da. Hau beranduago hasi behar izan duten arren, ederki erakutsi dute ikasturtean zehar ikasitako guztia. Plaza ia txiki geratu zaie eta ikusleek txalo zaparrada luzeak eskaini dizkiete pieza bakoitza bukatzean. 

Arratsaldean Okendotik, Pintore kalera pasako da jaiaren erdigunea. Bertan Sorgin Jaiak antolatuta, Irrien lagunak izango dira 17:00etan eta magia erakustaldia 18:30ean besteak beste. Bestalde helduagoentzat, komentuan Biyak Bat koruak kontzertua eskainiko du 18:00etan.

Irudi galeria.