Gorputza dantzan jartzeko aukera ugari izan dira San Pedro gauean. Dantza-pieza ezberdinekin, metal-beltza, hardcore eta ska doinuekin batera esan diote agur, herritarrek, San Pedro gauari.
Gaueko 23:00etan hasita, musika pieza ezberdinak eskaini ditu Azabache musika taldeak, Isla Plazan. Hainbat abesti ezagun entzun ahal izan dira bertan, tartean baita euskaldunen bat ere; Maixa eta Ixiarren Iluntzean, esaterako. Emanaldiaren hasieran jende gutxi egon arren, abesti batzuk jo ahala, plaza jendez bete da eta izan dira dantza egitera animatu direnak ere. Dantzaldi polita izan da.
Ordu eta erdi geroago, Hilotz, Bolbora eta Bar Remigio taldeen txanda izan da. Okendo Plazako eszenatokian eman dituzte hiru taldeek euren musika emanaldiak. Hilotz taldea igo da lehenik oholtza gainera. Emanaldi hasieran, "Giza Ankerkeria" izena daraman diska berriaren eta taldearen aurkezpen labur bat egin dute eta metal-beltz estiloko doinuak jotzeari ekin diote segidan.Goizeko 02:00ak puntuan, Bolbora taldeak, ska-reggae doinuez bete du Okendo Plaza eta talde honen ostean, Bar Remigiok eman dio amaiera gaurko kontzertu gauari.
Zezen Suzkoa
Kontzertu eta kontzertu artean, sugarrez bete dute zezen suzkoek herriko Kale Nagusia. Urtero moduan, gauerdian atera dira suzko bi zezenak udaletxe zaharreko arkupeetatik. Bertan ziren dagoeneko, lasarteko haur eta gazte ausartenak; zezenaren aurrean, txinpartetaik ihesi, korrika aritzeko prest. Kale bazterrean ere, jende ugari bildu da zezen suzkoaren ibilbidea jarraitu asmoz.
Ekitaldi ugari izan dira, San Pedro egunean ere, herriko festetan.
Gaueko emanaldiekin osatutako argazki-bilduma .