'Kamioi Rock' doinuek girotu dute San Pedro eguneko arratsaldea

Txintxarri Aldizkaria 2016ko eka. 29a, 23:36

San Pedro eguna izaki, herria ekitaldiz beteta egon da arratsaldean zehar. Sorgin Jaiakeko lagunen eskutik' Kamioi Rock' mitikoa ibili da kalez kale giroa sortzen. Rock Kam Broom taldeko kideek jarri dute musika. Sardina eta sagardo dastaketak, umeentzako bigantxek, Tio Tenoren Semeek, dantza tradizional zuzenduek, Biyak Baten konpartsak eta Trapu Zaharrak taldearen antzerkiak osatu dute arratsaldea.

Sorgin Jaiak zerbaitekin identifika badaitezke, Kamioi Rock-a izan daiteke erreferente argienetako bat. Duela hamabost urte sortutako ideia horri ez zaio gasolina bukatu oraindik, ezta gutxiagorik ere: kalez kale ibili da kamioia, Rock Kam Broom taldea gainera igota egon delarik, musikarekin Lasarte-Oria alaituz.

Kamioia martxan jarri aurretik hasi dira Okendo plazako ekitaldiak. Arratsaldeko seietan eztarriak freskatu eta mokadutxo bat jateko aukera eduki dute herritarrek, Ttakun KEk antolatutako sargardo eta Aterpearen sardina dastaketetan, hurrenez hurren. Askok sagardo edalontzia eta sardina platertxoa eskuan zituztela ikusi dute Tio Tenoren Semeak taldearen emanaldia, Okendon bertan. Sardinek baino are aho zapore hobea utzi du emanaldiak ikusleen artean: ikuskizun originala, dibertigarria eta freskoa eskaini du aipatu taldeak. Emanaldi hori bukatu denean, hainbat herritarrek astindu dituzte gorputzak Dabid Egizabal eta Maider Oiartzabalek gidatutako dantza tradizional saioan.

Haurrentzako xexenak Isla Plazan

Ikusmira handia sortu du lasarteoriatarren artean haurrentzako xexenen itzulerak. Zenbait urtez egitarautik at utzi ostean, Udalak aurten berreskuratu du ekitaldi hori, eta gaztetxoek ez dute hutsik egin. Asko izan dira xexenen aurrera ateratzera ausartu direnak. Era berean, zenbait poniren gainean ere ibili ahal izan dira haurrak.

Gazteak ez dira izango fisikoki agian, baina bai izaeraz. Biyak Bat adinekoen elkarteko kideek erakutsi dute martxa ederra daramatela euren gorputzetan, eta herriko kaleak alaitu dituzte, Los Incansables txarangak lagunduta.

Alaitasuna eta barre algarak eragin dituzte herritarren artean Trapu Zaharrak antzerki taldekoek. 'A cal y canto' lana taularatu dute Elizatze plazan. Ikusle ugari gerturatu dira bertara.

San Pedro arratsaldeko argazkiak eta bideoak.