Landaberri ikastolari omenaldia

Txintxarri Aldizkaria 2016ko eka. 29a, 16:40

Gaur eguerdian, San Pedro Jaietako ekintza nagusienetariko bat egin da Manuel Lekuona kultur etxean, omenaldia. Landaberri ikastolako kideek 50 urte hauetan egindako lanarengatik Udalaren esker ona jaso dute.

Erraldoien dantzarekin hasi da ekitaldia lepo zegoen aretoan. Belaunaldi ezberdinetako ikasle, irakasle eta gurasoak hurbildu dira Manuel Lekuonara Landaberri ikastolaren omenaldian parte hartzera.

Aitortza ekitaldia hasi baino lehen, Ane Huizi, Estitxu Garmendia eta Miren Egizabalek ikastolaren hasierako urteak umorez islatu nahi izan dituzte eskola nazionaletara eta ikastolako ikasleen paperean sartuta. Algarak eta txalo zaparradak eragin dituzte ikusleen artean.  Jarraian, agurra dantzatu zaie bertaratutakoei eta Lasarte-Oriako alkateak Jesus Zaballosek hartu du hitza. Landaberri ikastolak 1966tik gaur egunera arte egindako lana aitortu nahi izan du. 

Landaberri ikastolaren izenean, guraso zein ikastolako ordezkariek hartu dute hitza eta hauek hasieran hainbeste lan egin zuten guraso eta herritar haiei eskerrak emanaz hasi dira. Ibilbide luze honetan Landaberrin lan egin duten irakasle eta gurasoak ere aipatu dituzte, ikasleak, ordukoak eta gaur egungoak ahaztu gabe. Herria euskalduntzeko ikastolaren lanaren garrantzia aipatu dute ere. 

Landaberri ikastolako 50. urteurrenaren abestia zuzenean eskaini da eta ekitaldiari amaiera emateko, Zer Setteren doinuak jarraituz, Lasarte-Oriako ereserkia abestu da. Omenduak udal ordezkari guztiak izan dituzte lagun momentu horretan.