Lasarte-Oria martxan jarri du danborradak

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ekainaren 29a

ATLO elkarteak herriko kaleetan eskaini duen danborrada izan da festen lehenengo gaueko ekitaldi nagusia. Ohi bezala, Okendo plazan jo ostean, alde batetik bestera ibili dira danbor hotsekin alaituz herria. Horrez gain, Isla Plazan Ibai Berriak taldea aritu da; Okendon, berriz, Izeberg eta Erokomeri, Sorgin Jaiek antolatuta.

Danbor hotsekin bukatu da San Pedro bezpera. ATLO taldearen eskutik, urteroko ohitura bilakatu den danborradaz gozatu dute lasarteoriatarrek. Horren ostean, gauerdia baino beranduago jada, Isla zein Okendo plazetan gorputzak astindu dituzte parranderoek, Ibai Berriak, Izeberg eta Erokomeriren eskutik -azken bi horiek Okendon aritu dira-.

Danborrak astindu aurretik, taldeko zenbait kidek omenaldiak jaso dituzte aurtengoan ere. Iñaki eta Xabier Mitxelena anaiak eta Jose Mari Iruretagoienak jaso dituzte aitortzak gaurkoan. Txema Vallesek eta Olatz Mitxelenak -Javier Mitxelena zenaren alabak; Iñaki eta Xabier dira semeak- aurkeztu dute ekitaldi xumea. Aurten lehenengoz danborradaren laguntzaileei ere egin zaie aitortza. Insausti tabernak eta Asador Riojanos jatetxea izan dira omenduak. Hurrengo urteetan ohitura honekin jarraitzeko asmoa dute antolatzaileek.

Horren ostean, erakustaldi bikaina eskaini dute danbor-joleek Okendo plazan. Ohiko doinuak entzun ahal izan dituzte herritarrek, eta baita aurtengo berrikuntza nagusia ikusi ere: Jokin Goenaga herritarrak konposatutako 'Lasarteko Martxa'. Felix Telleriak aginte-makila utzi dio Goenagari, pieza hori berak zuzendu zezan. Okendon ordu erdi inguruz aritu eta gero, herriko kaleetan barrena ibili dira danbor-joleak, bazterrak alaitzen.

Demode Quartet eta zikiro afaria

Danborrada hasi aurretik ere egon da mugimendua Okendon. Arratsaldeko zortzietan hasita, emanaldi bikaina eskaini du Demode Quartet laukoteak. Herritarrek gogotik gozatu dute taldearen abestiekin, eta amaieran txalo zaparrada luzea eskainiz saritu.

Eta ziur baten bati gosea sartu zaiola Demode Quartet oholtzan egon bitartean. Izan ere, Ttakun KEk antolatutako zikiro afariaren usain goxoa edonorentzat baita tentagarria. Arratsaldeko lehen ordutik aritu dira haragia prestatzen Askatasunaren plazan. Behin dena gertu zegoenean, 21:30ean elkartu dira ehun herritar baino gehiago mahaiaren bueltan.

Kontzertuak Isla eta Okendo plazetan

Parrandarako gogoa eduki duten herritarrek aukera bat baino gehiago eduki dute gorputza astintzeko. Asko Isla Plazara joan dira, Ibai Berriak taldearen eskutik dantzatzera. Sorgin Gunea ere jendez bete da gauean zehar, Izeberg eta Erokomeri taldeen emanaldiez gozatzeko.

Ekitaldi horiekin guztiekin ase ez direnek goizeko ordu txikiak arte luzatuko dute festetako lehenengo parranda.

Gaueko emanaldiekin osatutako argazki galeria