Orain bai, esan daiteke jada: sorginduta dago herria. Txupina jaurtitzearekin batera lehertu da festa Sorgin Gunean. Herritar ugari gerturatu dira momentu horretaz gozatzera. Txupina jaurti baino lehen, dantzari talde batek ikuskizuna eskaini du, suziri eta guzti. Ikusgarria izan da.
Horren ostean, dantzarietako batek txupina eskuan hartu, su eman eta zerura begira jarri dira denak, festak eztanda egin arte. Herriko sorgin eta aztiek parranda egun ederrak dituzte orain aurretik.
Kuadrilen jaitsiera
Isla Plazan 19:30ean zuten hitzordura agertu dira hainbat kuadrila, puntual-puntual. Enparantza horretatik ekin diote urteroko jaitsierari. Txanpa tabernan geratu dira lehenengo, erdigunera joateko gero. Giro ederrean ekin diete aurtengo Sorgin Jaiei herriko gazteek.
Kontzertuak gauean
Okendo plazan pare bat kontzertuz gozatu ahalko dute herritarrek gauerditik aurrera. Izeberg taldea igoko da eszenatokira aurrena, 0:00etan. Ondoren, Erokomeri erromeria taldeko kideek Okendo alaituko dute goizeko ordu txikiak iritsi arte.