Txupinazo bikoitzaz lehertu dira San Pedro Jaiak!

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ekainaren 28a

Bi zuzirik eman diote hasiera herriko San Pedro jaiei. Goizeko zein arratsaldeko txupinazoko protagonista nagusia, Landaberri Ikastetxea izan da. Bertako haur eta kideek jaurti dituzte jaiei hasiera eman dieten zuziriak. Hirugarren txupin bat ere izango da iluntzean, Sorgin Jaien eskutik.

Urtero moduan, bi txupinazok abiarazi dituzte aurtengo San Pedro jaiak. Goizean, 12:00etan, Landaberri Ikastetxeko haurrak izan dira protagonistak. Eurak izan dira udaletxe zaharraren aurrean bildutako herritarrei festa onak izan ditzaten opa dietenak eta festari hasiera eman diotenak. Buruhandien konpartsa, Oriako txaranga eta Oaintxe in deu! txaranga arduratu dira festari jarraipena emateaz.

Txupin bat nahikoa ez, eta bigarren bat ere izan da arratsaldean, Okendo Plazan. Udaletxe berriko balkoian, Landaberri Ikastetxeko kideak eta udal ordezkariak prest zuziria pizteko. Mende erdi bete berri du ikastetxeak eta hori omendu asmoz, euren esku utzi du udalak  aurtengo zuzirien jaurtitzea. 

19:00etan eman diote hasiera txupinazoari. Ikastetxeko kideek hartu dute orduan hitza; esker hitzak izan dituzte mende erdi honetan zehar bidaide izan dituztenekin eta goizean bezala, herritarrei festak goza ditzatela eskatu diete. Kolorez bete da orduan plaza; koloretako puzgarri erraldoiak airean dantzan, koloretako zintak hegan; festa-giro bikaina bizi izan da Okendon. Landaberri ikastolaren 50. urteurreneko doinua ere entzun ahal izan da.

Errausketaren aurkako ekimena ere izan da. Hainbat herritarrek maskarilak eraman dituzte txupina zehar.

Gaualdean, hirugarren txupin bat ere izango da; Sorgin Jaiek jaurtiko dute, iluntzeko 21:30etan, Okendo Plazan.

Arratsaldeko txupineko irudiak gure galerian.