Landaberri ikastola, 50 urte Lasarte-Oria hezten

1966an, euskara eta euskal kulturaren egoeraz kezkatuta, guraso, gazte eta herritar talde batek Lasarten ikastola sortzea erabaki zuen. Orduan, 40 ikaslerekin hasi zen lanean 'Lander' eliz eskola Andre Joakina Enea etxean. 50 urteren ostean, ikastola eraldatu eta ikasle kopurua handitu da, egun 1.279 dira. Milaka izan dira Landaberri ikastolako geletan ikasi duten herritarrak. Horregatik, aurten San Pedro Jaietako omendua da Landaberri ikastola.

5 0 urte dira Landaberri ikastolak bere lehen pausoak eman zituenetik. Hori dela eta, garai ezberdinak bizitako irakasleekin bildu gara: Maria Dolores Iturbe, Prontxio Elorza, Juan Segurola eta Pako Bergara, baita ikasle izan eta gaur egun guraso den Haizea Elizondokorekin ere.

Maria Doloresek bizi izan zituen lehen urte haiek, baita Prontxioren emazte izandako Arantxa Mendizabalek ere.

Landaberri ikastolaren hazia 'Gure Etxea' tabernan egin ziren bilerak ditugu. Maria Doloresek gogoratzen duen modura, “ikastolaren beharra zegoen. Lasarteko jende euskalduna mugitzen hasi zen eta gazteek ere lagundu zuten horretan”.

Eskaera horren arrazoietako bat, Prontxioren ustez, “herri baten berreskurapena lortu nahi zela da. Gerrate bat pasata eta nolabait esanda iluntasunean egon eta gero, ez literaturan ez elkarte mailan ezer egiteko aukerarik gabe. Hori lozorroan zegoen herria zen eta esnatzen joan zen. Eskaera egon zen eta lanean jarri ziren”.

Tabernako bilera haien ostean, lanean jarri ziren. 

Juan Segurolak aipatzen duenez, “Landaberriko 25. urteurreko liburuan irakurritakoaren arabera, ordurako  inguruko herrietan ikastolak hasiak ziren eta Donostia edo Hernanira joan ziren informazio eske, funtzionamendua etab. jakiteko”.

Leku bila ere ibili ziren. Lehenik Goikaleko Aizpurua Enea etxean eta gerora Andre Joakina Enean.

Bigarren pausoa irakasleak bilatzea izan zen. “Bilatzen ari zirela, halako tokitan badago neska bat eta Arantxa Mendizabal ekarri zuten. Bitartean, ume bila ere ibili ziren”. 

Honela jarri zen martxan 'Lander' eliz eskola.

Maria Doloresek gogora ekartzen duenez, “Arantxa zen  titularra eta ni laguntzailea. 40 haurreko taldea genuen. 39 euskaldun eta bat ez zekiena”. 

“Denak txikiak ziren, adin berdinekoak. Orduan, lau urterekin hasten zen gainera. 3 urtekoak urtera hasi ziren eta pixkanaka beste urteetakoak ere gehitzen joan ziren,” atxiki du. 

Irakasle bakarra

Tituluduna bakarra zela lanean egon ziren urte batzuetan eta Maria Doloresek gogoratu legez, “inspekzioa zegoela, besteak mendira joaten ginen eta harek esango zuen, hemen ez dago inoiz umerik. Bazekiten nola genbiltzan eta mehatxuak ere egon ziren itxiko zutela. Urte horiek oso gogorrak izan ziren. Bai guraso, iraksle eta denontzat, beldurra genuen. Hau lortu dugu, martxan goaz eta...”

Hala ere, pixkanaka zeudenek ahalegina egin zuten hau eskuratzeko eta tituludunak ere etorri ziren. Prontxiok seriedadea zegoela adierazi du: “Irakasle eskola zegoen, bi urte egiten ziren eta gero beste bat praktiketan. Baina beharra zegoenez, ikasketak amaitu eta berehala lanean hasten zinen. Titulua bazenuen nahikoa zen. Ez zenuen adaptaziorik”.

Maria Doloresek azaldu legez, “ni goizean gelan egoten nintzen eta arratsaldeetan gau eskolara joaten nintzen. Gai ugari izaten genituen. Gainera, ikastaroak ere egiten genituen eta horrekin balio zuela esaten zuten”.

“Etengabeko prestakuntza zegoen orduan”, gaineratu du Prontxiok.

Hazkundea

Ikas maila eta ikasle kopurua handitzen joan zen eta Andre Joakina Enean “hasieran nahiko leku zegoen, baina gelarik gabe geratu ginen”.

Honela, herriko beste etxebizitza edo lokaletan hasi ziren lanean komentu ondoan, eskola berrietan, Uistin kalean, Barbe etxean...

Orduan, Lasarte-Oria bitan banatua zegoela gogora ekartzen du Maria Doloresek, “Urnieta eta Hernani zegoen zatitua eta ikasleak ere hala zeuden. Ni Uistinen nengoen Hernani aldekoekin eta Goikalen Maria Angeles Urnietakoekin”.

Baina haur kopurua hazten joan zen eta handientzat Usurbilgo Kalexar auzoan lortu zen lekua.

Prontxiok azaltzen duenez, “Lasarte berezia zen orduan, kontuan izan behar da egunero ez dakit zenbat autobus ateratzen zirela Donostiko ikastetxeetara. Jendeak ez zuen fedea eskola publiko batean, ez eta ikastola batean ere. Konfiantza gehiengoak, %90ak ikastetxe pribatu eta erlijioetan zuen”. 

Eta “eskola mapa ere aldatzen joan da, berez, ez du inork inposatu. Egin den lanarengatik, pixkanaka saretzen joan da behar bat. Publikoa euskaldundu beharra ere ikusi da”, atxiki du.

Pakok ikasle kopuruaren hazkundea handia izan dela azpimarratzen du. “Txanpinoi moduko hazkundea izan da. Ikastolak hasieratik izan duen euskararen atxikimenduak herritarren onarpena izan du.   Hori Landaberriren matrikulazioetan islatu da. Egun DBH-n topera gaude. Gainera, hasi nintzenean bost eskola publiko zeuden egun bi geratzen dira”, gaineratu du.

Bateratzeak

Pakok Landaberri BHI eta Lasarte-Usurbil Institutuaren fusioa aipatu du azal-azaletik. Baina hau ez da Landaberrik bere historian jasan duen fusio bakarra izan.

70. hamarkadan, 'Lander' ikastolak eta Usurbilgo 'Luberri'-k bat egin zuten eta orduan hartu zuen ikastolak 'Landaberri' izena.

Juanek azaldu modura, “Usurbilgo Luberri ikastolak Goiko mailak ireki behar zituen eta arazoak zituen. Horri irtenbidea emateako eta beste hainbat gauzengatik batzea erabaki zen”. 

“Landaberri kooperatiba sortu zen orduan. Gurasoak akziodun egin ziren eta elkarrekin abiatu ziren”, aipatu du Prontxiok.

Baina ezin ziren gazteak hain sakabanatuak izan eta ikastolak bere eraikin propioa egitea erabaki zuen. Buelta eta negoziaketa askoren ostean, Zubietan lur sail batzuk eskuratu zituen ikastolak. 
Bertan auzolanaren bitartez, eraiki zen egun LHko eraikina dena.

“Larunbatero lanera joaten ginen bertan eta dirua ere. Irakasleek ere gutxiago kobratzen genuen. Ez ziguten eman beharrekoa ematen baina konformatzen ginen. Gurea bezala sentitzen genuen,” gogoratzen du Mari Doloresek. “Ez zen lanaren kuantifikazioarik egin. Ez zen zenbat lan egin genuen kontabilizatu”, gehitu du. 

Bigarren fusioa 1994an sinatu zen. Honetan Garaikoetxea eta Usurbilgo Ageri-Alde ikastolak batu ziren Landaberrirekin. Honi esker, txikiak Garaikoetxea eraikinera eta handienak DBHkoak egun Landaberri BHI denera leku aldatu zituzten.

Juanek azaldu legez, “Usurbilgo Ageri-Alde ikastola gutxitzen joan zen eta bateratzean irakasle eta ikasleak etorri ziren. Beste lan egiteko modu batetik etorri ziren eta txoke txiki bat egon zen”.  
Gainera, eskola mapa berria egin zen eta ikastola publiko bihurtu zen. Honek ere beldurrak sortu zituen. 

Maria Doloresek aipatzen duenez, “guraso askok beldurra zuten. Baina nik esaten nien gu pertsona berdinak gara eta beti nahi izan dugu denak hona etortzea. Ezin izan dute dena delakoagatik, baina berdin egingo dugu lan”.  

Pakok azpimarratzen duenez, “puntu garrantzitsua izan zen. Nik erronka bezala ikusi nuen. Euskaldunak euskalduntzea oso erraza zen. Euskara zabaltzea helburua bada, jende gehiago egotea ez zentxarra. Agian maila jaitsiko zuen. Baina kale neurketetan egun Lasarte-Orian aldaketa dagoela ikusten da eta Landaberri horren erantzule dela uste dut. Egin dituen apustuengatik”.

Pakok ohartarazten duenez, B eredua ezarri zenean errezeloak sortu ziren ere. “Baina etorkin eta immigrazio kopuru horrekin jolastu behar da edo landu behar dugu. Hori irabazten goazen heinean, herri euskaldunagoa egingo dugu”.

“Gaur egun ditugunak bezala. Baina erronka modura hartu behar da hau ere. Onuragarria izango dela uste dut. Beldur gutxiago izan behar da”, gaineratu du. 

Eta hurrengo ikasturtetik aurrera emango den bateratzea azaltzen digu: “Arrazoia matrikulazioan ematen zen desoreka da, bat lepo dugu eta besteak lekua soberan du. Aparte ez dut uste ona denik, bi ikastetxe egitea eta horrek sortzen duena, batzuk batekoak, besteak bestekoak. Hori ezabatzeko aukera dago eta gainera anitzagoak izango gara. Irakasleak ere anitzak gara. Ikusi beharko da zer hartzen duen Landaberritik. Positiboa izango dela uste dut. Baina hau nire iritzia da“.

Metodologia

Hori guztiaz gai, ikastolaren metodologiaz ere jardun gara.Eskolako hasieran hainbat mesfidantza sortu zituen Maria Doloresek gogoratzen duen modura.

“Lehenengo harritzen zuena zen gela hutsik egotea. Fitxak egin behar baziren apal batean egiten genituen edo arbelean. Inongo libururik eta ezer gabe. Irakurketa eta idazkerari ematen zioten beti garrantzia gehien eta hemen beranduago hasten zirenez, konparaketak egiten zituzten”.

“Haurrek jolastera etortzen zirela esaten zuten. Baina jolasaren bidez lantzen genuen guztia. Lantzen ari zirenaren arabera, 'eraikuntzak egiten ari dira, tamainak eta koloreak lantzen ditugu', esan behar zenien gurasoei. Azaldu behar zenuen, bestela ez zuten ulertzen nola haurrek ikasi ahal zuten. Zenbait jendek hemendik atera eta beste ikastetxeetara eramaten zituzten haurrak”.

Prontxiok “haurra zen helburu bere bilakaera eta horrek ere talkak sortzen zituen beste ikastetxeekin konparatuz. Lantzeko garaia desberdina zen. Horrek ere arazoak sortu zituen”, gehitzen du.

Eta “haurra zen ere abiapuntua; zer nahi zuen, beti galdetzen zenion. Klasearen dinamika hortik joaten zen, baina lehenegotan horrela egiten genuen”, azpimarratzen du.

Hala ere, Maria Doloresek adierazi legez, “nahiz eta erreformak egon, lanean berdin jarraitu. Nik lehen eta orain berdin egin dut umeekin”.

Juanek “ikastolaren filosofia berdina da, baina egiteko moduak egokitu behar dituzu”, zehazten du.

Pakok aipatzen duenez, “gauzak arautuak ez egotea esperimentaziorako tartea ematen zuen. Zuk arakatu behar zenuen. Gaur egun arautuago dago. Malgutasuna galdu egiten da”. 

Honetaz gain, materiala prestatzerako orduan, lehen lan gehiago egin behar zela gogora ekartzen du Maria Doloresek. “Alderdi horretatik lan handia izan zen, testu libururik ez zegoen eta zatiak hartzen joan behar zinen. Zeuden gauzekin, fitxak bana banan egiten genituen, gero inprenta ekarri zuten eta fotokopiadora izan genuenean primerakoa izan zen. Haur Hezkuntzak gaur ere horrela funtzionatzen du”.
Haizea Elizondok tailer pila egiten zituztela dakar mahai gainera: “Komikiak egiten genituen, denetarik egiten genuen, irteerak...”.

Eta Maria Doloresek  irteeretan ere gauza pila ikasi daitezkeela adierazten du. “Irteera bat izaten zen, esate baterako, 5 urterekin Azpeitira eta Loiolara joan eta bertako errota ikustea”.

Prontxiok hasierako irteerak oroitzen ditu: “Gaur egun aukera asko daude. Baina orduan zuk landu behar zenuen. Hau erakutsi nahi diet eta nora joan gaitezke”.

Integrazioa

Tailerren harira, “Haizeak gogoratzen duenez, gu B eredukoekin nahasten ginen ikasgai askotan”.

Juan Segurolak ekintza hori integratzeko pauso bezala egiten zela ematen du jakitera. “Azkenean helburua zen guztiak euskaldun identifikazio bat izatea. Maila ezberdinak ere nahasten ziren”.

Maria Doloresek zehazten duenez, “esperientzia asko egin ziren horrelakoak eta gaur egun lehenengo mailan egiten da nahasketa. HH mailan bereiziak daude, baina LH1ean taldez aldatzen dira”.

Guraso elkartea

Baina irakaslez gain, guraso elkartearen lana ere gogora ekarri behar da. Haien lan gogorrari esker ere egin du  bere ibilbidea ikastolak.

Pakok gogoratu modura, “garai batean, irakaslegoaren soldatak, autobusak beldur, kezka eta burukomin ugari eman zituen”.

Mari Doloresek Zubietako eraikina egin ostean, “edozein gauza zenuela bilerak egiten genituen. Irakasle, guraso... guztiak elkarrekin. Oso familiarrak ziren. Eta afariak ere egiten ziren”, gogoratzen du.

Pakok azpimarratzen duenez, “beti egon da guraso multzo bat inplikatua eta ikastolari babesa eskaini eta irakasleekin batera lan egin duena. Hori mozten bada gaizki goaz”.

Erronka

Etorkizunari buruz ere hitz egin dugu haiekin eta erronka batzuk aipatu dituzte. Hala nola, euskararen erabilera dakarte mahai gainera.

Maria Doloresek adierazten duenez, “erabilera betiko kezka izan da. Bi hizkuntzak menderatzen dituzte eta giroa erdaldunagoa da. Gelan euskaraz egiten dute eta patioan erderaz hitz egiten dute haien artean. Gelak ere ez dira lehen bezain euskaldunak, nahasketa gehiago dago. Ahalegin guztiak egiten ditugu baina ezin erabilera handitu”.

Honen harira, Juanek dio lehen ere gertatzen zela hori: “Taldeak daude eta batzuk besteek baino gehiago egiten dute gazteleraz. Baina orokorrean arazo hori dago”.

Haizearen iritziz, ”ikastola oso ezberdin dago eta gero eta gaztelera gehiago entzuten da bertan. Orain haurrak ikastolara joatea da gurasoek nahi dute baina zertarako? Haurrek gero euskaraz egiten ez badute”.

”Hori ere badago”, moztu du Juanek. ”Aztertu beharko da zergatik eramaten duten guraso horiek umea ikastolara. Baina identifikazio puntu bat ere badago. 'Nire seme-alabentzat askoz hobea da', pentsatzen dute. Baina gero guk neurtu nahi ditugun gauzetan ez dugu lortzen aurrerapenik.” 

Era berean, Haizeak ikastolaren izpiritua berreskuratu behar dela uste du. “Nahiz eta publifikatu, ikastola izena mantendu zen eta horrek esan nahi duena ere mantendu beharko litzateke”.
Juanek “'haurra ikastolara eramaten dut' esateak konsekuentzia bat izan beharko luke, ezta?”, atxikitzen du.

Maria Doloresek aipatzen duenez, “lehen gurea sentitzen genuen”.

Pakoren aburuz, gazteen motibazioa ere erronka bat da. “Batzuk besteek baino motibazio gehiago behar dute. Gizartea ere aldatu da, familiak aldatu dira, gizarte konpetitibo batean bizi gara... Hori kudeatzen ikasi behar dute. Guk ere kudeatu behar dugu”.

50. urteurrena

Hau guztiaz gain, aipatu legez, aurten ospakizun berezia du Landaberri ikastolak: bere urrezko ezteiak. Hori dela eta, urte berezi honetan batzorde bat eratu eta lanean dihardu ekintza ezberdinak antolatzeko asmoarekin. Maria Dolores, Juan eta Haizea batzordeko kideak dira.

Pakok aipatu legez, DBHko kideek ere haien ordezkaria dute: “Askok galdetzen dute ea guk zergatik ospatzen dugun 50. urteurrena. Nik argi dudana da, bigarren hezkuntzako institutuak ere sorburu berdina izan zuela. 66an, sortu zeneko erreka horren jarraipena da. Guri ere dagokiogu horretan lan egitea”.

Aipatu digutenez, lan eta lan dabiltza batzorde ezberdinak.

Oraingoz, logo berria eta urteurreneko abestia eman dira jakitera.

Abestia gainera, ikasturte amaierako jaialdian estreinatu zuten. Aitor Lasa eta Zigor Iriondo ikasle ohiek egindakoa da. “Aitorrek musika konposatu du eta hitzak Zigorrenak dira. Ikasle eta gurasoek grabatu dute, baita bideoklipa ere”.

Aipatu digutenez, “orain zabalduko da, asmoa da tabernetara eraman eta hauek jartzea. San Pedro Jaietan ere entzungo da; omenaldian, esate baterako, jarriko da”.

Honetaz gain, irailean bigarren hamabostaldian urteurrena ospatzeko hamaika ekintza prestatzen ari direla aurreratu dute.

“Hasieran ikasturte amaieran egitea pentsatu zen, jaialdiarekin batera, baina zerbait bereziagoa egin behar zela eta gauzak lasaiago egiteko irailerako utzi dugu azkenean”, aipatu dute.

Jakitera eman dutenez, egunero zerbait egingo da: antzerki, ipuin, dantza, kontzertu, hitzaldi, erakusketa... “Adin guztiei begirako ekintzak dira eta amaitzeko bazkari bat egingo da”.
Honetan, Landaberrin ikasi, irakatsi edo zerbait egin duten pertsonak batu nahi dituzte eta sortzaileei aipamen berezi bat egingo zaie.

Hamabostaldi honetako egitarau guztiz itxi gabe dago, baina iraila hasieran jakinaraziko dute.

Omenaldia

Baina iraila iritsi bitartean, San Pedro jaietan Lasarte-Oriako Udalaren omenaldia jasoko du Landaberri ikastolak. Gaur haur eta helduen txupinak botako dituzte eta bihar, Manuel Lekuona kultur etxean, omenaldia egingo da.

Hori dela eta, guztiek Landaberriko ikasle, ikasle-ohi, guraso edo irakasle izan direnei gonbita egiten diete ekintzetara hurbiltzeko.

“Guztiei irekiak diren ekintzak izango dira. Omenduak ez dira oholtzara edo txupinetan egongo direnak izango bakarrik, ikastolan egon direnek, hau antolatzen egon direnek edo lagundu dutenek ere. Denei esker joan da aurrera ikastola”, aipatu dute.