Herriko San Pedro festak ate joka dira eta gaur arratsaldean, herriko dantza-talde eta akordeoilariek, euren musika emanaldiak eskaini dituzte jaien egitarauaren baitan.
Ikasturtean zehar prestaketa lanetan aritu ostean, arratsaldeko 19:00etan ekin dio Erketz EDT-ak emanaldiari. Urtero moduan, gaurkoan ere, tradizio bihurtu den euskal dantzen ikuskizuna eskaini du Erketzek. Guztira 40 bat dantzarik parte hartu dute ikuskizunean eta beste zenbait dantzen artean, Legazpiko Ezpata- dantza eta Lekorneko Kabalkadak dantzatu dituzte. Adin guztietako dantzariak aritu dira; hasi gaztetxoenetatik eta helduen talderaino.
Zero Sette Jai Band akordeoi taldeak eman dio jarraipena arratsaldeari. Iluntzeko 20:30etan hasi dira emanaldiarekin oholtza gaineko 16 akordeoilariak. Emanaldian zehar, 70-80. hamarkadako Pop-Rock doinuak entzuteko aukera zabala izan da; Simon & Garfunkel eta Steven Wonder musikarien abestiak entzun ahal izan dira, besteak beste.