Herritarrek San Joan sura bota dituzte urte honetako gauza eta oroitzapen txarrak

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ekainaren 24a

Bigarrenez jarraian Andatza plazan piztu den San Joan sua baliatu dute lasarteoriatarrek urteko gauza txarrak bota eta horiez ahazteko. Hori baino lehen, Erketzen eskutik, hainbat dantzaz gozatu dute plazan; udal korporazioko zenbait kide ere animatu dira dantzatzera. Bestalde, Aire Garbia plataformaren deiari erantzunez, hainbat herritarrek egin dute protesta Zubietako errauste plantaren egitasmoaren aurka. Kartoizko erraustegi bat ere bota dute sutara.

Ekainaren 23a egun ezin aproposagoa da urteko gauza eta oroitzapen txarrak San Joan suaren garretan erretzeko. Horixe bera egin dute ehunka lasarteoriatarrek gaur arratsalde-iluntzean zehar, Andatza plazan. Bestalde, errausketaren kontrako Aire Garbia plataformak deituta, hainbat herritarrek protesta egin dute Zubietako errauste plantaren egitasmoaren kontra; maskara zuriak eraman dituzte soinean. "Ez, ez, ez, errausketarik ez!" bezalako leloak ere aldarrikatu dituzte ekitaldiak iraun bitartean.

Udaletxe zaharrean elkartu dira dantzariak eta udal ordezkariak. Denek elkarrekin egin dute bidea Andatza plazarantz. Euren atzetik, Aire Garbia herriko plataformaren deiari erantzunez, jendetza elkartu da Zubietako errauste plantaren egitasmoaren kontra protesta egiteko. Kartoiez egindako erraustegi bat ere eraman dute zenbait kidek, sutara botatzeko gero.

Hori baino lehen, urteroko usadioa mantenduz, Erketz dantza taldeko eta udal korporazioko zenbait kidek dantza-sorta ikusgarria eskaini dute ikusleen gozamenerako, Zero Sette eta Alboka abesbatzaren laguntzarekin. Udal ordezkariak ere ikusi dituzte dantzan herritarrek: EH Bilduko Pablo Barrio eta Leire Elizegi -maskarak jarri dituzte eurek ere-, EAJko Estitxu Alkorta eta Jon Antxordoki eta Lasarte-Oriak Ahal Du-ko Arkaitz Naya eta Alicia Garcia.

San Joan suak bizia hartu aurretik kalejira jendetsu batekin amaitu da dantza emanaldia. Hainbat herritarrek hartu dute parte.

Jesus Zaballos alkateak piztu du sua. Horren ostean, herritarrek pauso bat eman dute aurrera, sutara urteko gauza txarrak botatzeko. Apunteak, liburuak, eta, arestian esan bezala, kartoizko erraustegi bat ere bai. Aire Garbiako kideek pare bat buelta eman dituzte plazan zehar, erraustegia bizkarretan, eta garretara jaurti gero.

Urtero lez, sinbolismoz betetako ekitaldia izan da aurtengo San Joan sua. Bertako garrak piztearekin batera, herritarrek ziklo berri bati ekingo diote, modu ezin hobe batean gainera: uda iritsi da honezkero, eta egun gutxi batzuk ez dira falta San Pedro festetarako.

Ekitaldiaren argazki galeria