Hasi da Santa Ana pala txapelketa

Txintxarri Aldizkaria 2016ko eka. 24a, 20:00

Pala hotsak bueltatu dira Loidibarren pilotalekura aste honetan. Santa Ana pala txapelketako edizio berri bati ekin diote bederatzi bikotek. Astelehenetik ostiralera ari dira partiduak jokatzen, 18:30etik 20:30era. Finalak uztailaren 26an jokatuko dira.

Astelehen honetan hasi da Santa Ana pala txapelketaren lehenengo fasea. Bederatzi bikote ari dira horretan parte hartzen, bi multzotan banatuta. A multzoan Josu Iparragirre-Luis Bautista, Xabier Arteaga-Beñat Esnaola, Jon Pagola-Jesus Ferreiro eta Bernaitz Odriozola-Joserra Altzibar bikoteak ari dira lehian. Beste bostak, aldiz, B taldean: Xenki Astiazaran-Iñigo Arluziaga, Gurutz Iturbe-Joseba Arabaolaza, Potzu-Gari Arteaga, Mikel Begiristain-Jon Begiristain eta Axular Iparragirre-Eneko Aranburu.

Lehen fase horretako norgehiagokak astelehenetik ostegunera bitartean jokatzen ari dira. Aste honetako emaitzak honakoak dira. A multzoan, Iparragirre-Bautista 26-30 Pagola-Ferreiro; Xabier Arteaga-Esnaola 30-10 Bernaitz-Joserra; eta Pagola-Ferreiro 30-28 Bernaitz-Joserra. B multzoan, Astiazaran-Arluziaga 30-9 Potzu-Gari Arteaga; Mikel eta Jon Begiristain 30-9 Axular-Eneko; Astiazaran-Arluziaga 30-7 Axular-Eneko; Josu Iparragirre-Luis Bautiusta 25-30 Xabier Arteaga-Beñat Esnaola; eta Mikel Begiristain-Jon Begiristain 30-11 Gurutz Iturbe-Josu Arabaolaza.

Egutegia

Aipatu lehenengo fase hau uztailaren 6ra arte luzatuko da. Bi multzoetako bikoteek euren artean jokatuko dute, itzuli bakarrera. Talde bakoitzeko bi onenak sailkatuko dira txapeldunen faserako.

Txapeldunen fasea uztailaren 11n hasiko da. Fase hori ligaxka bidez jokatuko da, eta sailkapenaren arabera, finalerdiak. Ligaxkan lehenengo geratzen dena hirugarrenaren kontra, eta bigarrena laugarrenaren kontra. Finalerdiak uztailaren 20an jokatuko da, asteazkenarekin. Finalak, berriz, 26an, asteartez. Lehenbizi 3. eta 4. postuak erabakitzeko neurketa jokatuko da, 17:15ean. Hori bukatu bezain laster izango da final handiaren txanda. Ostean, sariak banatuko dira.