Jesus Zaballos alkateak azaldu modura, aurreko araudi indarrean zela, 100 lizentzia eskaini ziren. Kopuru horretara iristean, ez zen gehiagorik tramitatu, baina Udalera herritar ugariren eskaera iritsi da urte hauetan. Eskaera horri erantzuteko asmoz, PSE-EEk oposizioa zenean mozio aurkeztu zuen. Orain Gobernuan dela, gaia berriro mahai gainean jarri eta araudia onartu da.
Gainera, Alkatearen arabera, "mugikortasun arazoak dituzten herritarrek, araudi honi esker aukera ikusi dute haien arazoei konponbidea emateko. Esate baterako, igogailurik jarri ezin den etxebizitzetan, etxabeko lokalean etxea egiteko eskaera egin dute. Horrelako kasu asko iritsi zaizkigu".
Berrikuntzak
Aurreko legealdietan indarrean izan zen araudia du oinarri oraingoak, baina hainbat berrikuntza daudela jakinarazi du Agustin Valdiviak.
Lehenik erosleak ez du urte bete itxaron beharko lanak egiteko. Bestetik ez da lizentzia mugarik egongo, baina herriko eremuak mugatuak izango dira.
Hirigintzako arduradunak azaldu moduan, "sozioekonomia sailak azterketa bat egin du eta lokalak etxebizitza bihurtu daitezkeen herriko eremuak zehaztu dituzte. Izan ere, garrantzitsua da hainbat zonaldeetan komertzioa mantentzea".
Garrantzizko beste bi baldintza gehitu dira ere. Etxea saldu nahiez gero, saltzaileak lehenik bere auzoan mugikortasun arazoak dituzten bizilagunei eskaini beharko die.
Era berean, Udalak erosteko lehentasuna izango du hamar urtez. Etxebizitza saltzeko prezioa ezartzean, BOEaren modulua bider 1,4 izan beharko da kontuan edo alokairuaren kasuan, 7 euro/metro karratu erabilgarri bakoitzeko.
Jesus Zaballosek azaldu duenez, ezarri diren azken neurri hauekin batetik herritarrek izan ditzaketen mugikortasun arazoak konpondu eta bestetik espekulazioa ekidin izan nahi da.
Ez indarrean
Hala ere, alkateak azpimarratu legez, oraindik ez dago indarrean. "GAOn argitaratu behar da eta hilabeteko epea dago emendakinak egiteko". Horregatik, lokal bat etxebizitza bihurtu nahi duten herritarrei gomendio bat egiten die, "irailetik aurrera etorri daitezela".