Musikaren eguna ospatu zen Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2016ko eka. 22a, 13:00

Udal Musika eskolako kideen ikasturte amaierako bigarren kontzertua izan zen atzo Manuel Lekuonan. Ama Brigitarren komentuan txistuaz, organoaz eta soprano ahotsaz gozatu ahal izan zen.

Atzo urtaro berrian sartzeaz gain, musikaren eguna ere ospatzen zen. Lasarte-Orian bi ekitaldi izan ziren estilo ezberdinetako doinuez gozatuz.

Manuel Lekuona kultur etxean Udal Musika eskolako ikasleen emanaldia izan zen. 

Lehenik zikloa amaitu duten ikasleei diploma eman zitzaien. Maite Iglesias Kultura zinegotzia eta Josu Izagirre musika eskolako irakaslea izan ziren banaketa ekitaldian.

Ostean, bakarka edo taldeka igo ziren haien trebetasuna erakustera. Doinu klasikoak, filmeetako muiska, gaur eguneko taldeen abestiak... denearik entzun ahal izan zen oholtzan, baita ikasleen ahotsak ere hainbat tartetan. 

Bestalde, Ama Brigitarren komentuan musika eta gogeta nahastu zituen saioa izan zen. Maila handiko musikariak izan ziren bertan, Jose Ignacio Ansorena txistularia, Mari Coro Saenz organo jolea eta Ana Salaverria sopranoa eta hainbat doinu eskaini zituzten. Abestien artean, Ama Brigitarretako apaiza den Felix Garitanok bakea eta adiskidetzari buruzko hausnarketa bultzatzeko esaldiak irakurri zituen.