Lasarte-Oriako Danborrada elkarteko kide eta udal ordezkariak Sasoeta ikastetxeko gimnasioan egin zuten agerraldia danborradaren entsegua amaitu baino lehen.
Felix Telleria elkarteko lehendakariaren, Jesus Zaballos alkatearen eta danborradako kide guztien eskerrak jaso zituen Jokin Goenagak atzoko ekitaldian. Telleriak aipatu legez, eskertza "elkartearen 5. urteurrenean izandako keinuarengatik, baita egindako lanarengatik ere" da.
Txema Valles eta Ladis Louvelli elkarteko kideek martxaren eta Jokin Goenagaren aurkezpena egin zuten.
Azaldu zutenez, Lasarte-Oriako Danborrada elkarteak urteak zeramatzan ideiari bueltaka, "mende erdiko historia duen danborradak azkenean ametsa bete du ereserki propioa du. San Pedro Jaietan eta herritik kanpo egiten ditugun agerraldietan erabiliko dugu doinua".
Jokin Goenaga musikari eta danborradako kideri esker izango da hori, "bere lana utzi digu".
'Lasarteko martxa'
Goenagak 'Lasarteko martxa'-ren nondik norakoak azaldu zituen. "Duela 9 edo 10 urte hasi zen hau guztia, Felixek danborradak doinu propio bat behar zuela esan zuen entsegu batean eta gonbita egin zien bertan zeuden musikariei. Nik gogoak nituen eta entseguak hastean hurrengo urtean egingo nuela esaten nion nire buruari. Azkenean, iaz San Pedro Jaietako barrunba amaitu eta aste betera hasi nintzen lanean".
Martxak hiru zati dituela azaldu zuen konposagileak, "lehenengo zatia irmoa da, serioa, tronpetak daude; bigarrenak berriz, vals erritmoa du. Doinu honekin danbor joleek formazioa puskatu ohi dugu dantzatzeko eta horrela izango da. Hemen tronboia da nagusi. Hirugarren tartean, danbor jole eta barril joleen arteko elkarrizketa dago, batek jotzen duen bitartean, bestea ixilik dago eta koreografia txiki bat egiten dugu, burua makurtu. Honek Oriako Sorgin Dantza gogorarazten digu".
Jokin Goenagari ilusio handia egiten dio lan hau uztea eta danborradak "urte askotan jotzea espero" duela adierazi zuen agerraldian.
Ekitaldiari amaiera emateko, Jokin Goenagak zuzendutako 'Lasarteko martxa' entzuteko aukera izan zen.