Beste urte batez, amaierara iritsi da Kukukaren Antzerki eta Dantza astea. Eskola horretako ikasleek urtean zehar landutako antzerki eta koreografiak plazaratu ohi dituzte ekainean, eta horrela izan da aurtengoan ere. Pasa den asteburuko emanaldiek biribildu dute aurtengo edizioa.
Atzoko egunean zehar Euskal Dantza eta Euskal Dantza Sorkuntzako taldeak aritu ziren Manuel Lekuona kultur etxeko oholtza gainean, goizean eta arratsaldean hurrenez hurren.
Euskal Dantzako ikasle gaztetxoek hainbat dantza tradizional plazaratu zituzten. Esaterako, 'Kolpe, kolpe kolpeka' ezaguna, guraso eta lagunen gozamenerako.
Arratsaldean Euskal Dantza Sorkuntzakoek euren trebezia erakutsi zuten oholtza gainean, 'Dantzaz Blai!' egunari eta Kukukaren hamabostaldiari amaiera emanez.
Larunbat arratsaldean kultur etxera gerturatu zirenek Dantza Garaikideko ikasleen koreografiez gozatu zuten. Emanaldi benetan deigarriak izan ziren: aterki koloretsuak eskuetan hartuta dantza egin zuen talde batek, Esne Beltzaren doinuekin beste batek, 'Uptown Funk' abesti ezaguna ere entzun ahal izan zen... Koloretsuak eta originalak izan ziren denak.
Ostiralean, antzerkia
Ostiral arratsaldean berriz, helduen Antzerki taldeko kideek 'Itxaroten' lana oholtzaratu zuten. EGA azterketa prestatzen ari zen ikasle talde batzuen idazlanetatik abiatuta, genero berdintasunaren gaia jorratzen du lanak. Ikusle ugari gerturatu ziren Manuel Lekuona kultur etxera, eta ez ziren inolaz ere damutu, ikasleek lan paregabea egin baitzuten oholtza gainean. Horren ordainetan, txalo zaparrada luzea jaso zuten amaieran. Orain, hurrengo urtera arte itxaron behar.