Buruntzaldeako VI. futbol topaketak jokatu dira herrian

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ekainaren 18a

Buruntzaldeako VI. futbol topaketak gure herrian jokatu dira asteburuan zehar. Bi berrikuntza nagusi izan ditu aurtengo edizioak: emakumezkoen futbol 8 txapelketa jokatu da lehenengoz, eta, bestalde, arau jakin batzuk ezarri ditu Udaleko Kirol Zerbitzuak, kirol ekitaldi honetan parte hartzeko.

Emakumezkoen infantil mailan, Andoaingo Euskalduna izan da txapelduna, Usurbil eta Urnietarekin batera jokatutako triangularra irabazita. Emaitzak hauek izan dira: Andoain 3-1 Urnieta; Urnieta 2-0 Usurbil; eta Andoain 3-0 Usurbil. Senior mailan, berriz, Lasarte-Oriako Ostadar taldea izan da irabazlea, Urnieta 7-3 mendean hartuta.

Areto-futbolari dagokionean, Lasarte-Oriako Izkiña taldea izan da irabazlea. Finalean Andoain baino gehiago izan da, nahiz eta penalti puntutik erabaki den irabazlea. Arauzko denbora hiruna berdinduta amaitu dute bi taldeek. Ondoren, herriko taldekoek gehiago asmatu dute, eta 4-2 irabazi penaltietan.

Norgehiagoka guztiak amaitu direnean, talde irabazleek oroigarri bana jaso dute Jose Mari Urdanpilleta zinegotziaren eta Karlos Altuna Udaleko Kirol Teknikariaren eskuetatik. Banaketa ekitaldia bukatutakoan, familia argazkia atera dute denek elkarrekin.

Kirol ekitaldi honek utzitako irudiekin argazki galeria egin dugu.