Snooker holandarra, XXL mikadoa, lehorreko curling-a, eskalada jolasa...jolas eginez primerako arratsaldea pasatzeko aukera eduki dute herritarrek gaur arratsaldean Okendo plazan.
Lasarte-Oriako gazte talde batek dinamizatu ditu 'BirziklaTu' egitasmoko jolasak. 17:00etan zabaldu dituzte ateak, eta 19:00etan itxi. Eguraldi txarra ez da izan eragozpen, eta gaztetxo ugari gerturatu dira arestian aipatutako jolasak probatzera.
Proiektuaren nondik-norakoak
HEZI ZERB elkartearen eta Educo Fundazioaren elkarlanetik sortu zen 'BirziklaTu' proiektua, duela zenbait urte. Gipuzkoako hainbat udalerritan eramaten dute aurrera; bakoitzean, eredu eta dinamika desberdinak jorratzen dituzte.
Lasarte-Oriaren kasuan, egurraren eskuzko lanketa hartu dute oinarritzat. 12-16 urte bitarteko sei gaztek hartu dute parte aurten. Gaur arratsaldean eurei tokatu zaie jarduerak dinamizatzea. Eurek asmatutako 'billar-golf' jolasa erakutsi dute baita ere.
Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi duenez, egitasmoaren funtsak dira "gazteen artean balore positiboak txertatu eta hedatzea". Aipatu dituztenen artean daude birziklapena, parte hartzea eta osasunerako hezkuntza, besteak beste.