“Oro har, gustura geratu naiz Menorcan egindakoarekin; muskularki nahiko ongi bukatu nuen, bizkarrean urratu txiki bat besterik ez dut izan”, zehazten du herritarrak.
Esperientzia berri bat
Egurrean ekin zion Elizegik probari. 4. postuan zihoan, Miquel Sunyerrekin batera. “Lasai ekin zion probari, erritmoa igo eta berehala aurrerantz joan baitzen”, oroitzen du herritarrak. Bosgarren postu horri eutsi zion hurrengo kilometroetan ere, 15.etik aurrera itsaso eta haize zakarraren eraginez lasterketa “zaildu” arte. “18. kilometroan igerilari bat gerturatzen ari zen atzetik, eta 20.ean inoiz pasa ez zaidan zerbait sentitu nuen: hutsik nengoen, indarrik gabe. Dena den, 6. postua mantendu nuen amaierara arte”.
Irakurri bitartean, batek baino gehiagok pentsa dezake herritarrari txakalaldia probaren amaieran sartu zitzaiola, eta beharbada ez zela izan hainbesterako. Kontua da bost kilometro falta zirela helmugaratzeko, eta, denbora unitateetara eramanda, ordu eta erdi. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
Aurretik, distantzia luzeko beste bi erronka eginak ditu Elizegik: Ultraebre eta Manhattan. “Aurreko horiek oso ongi burutu nituen, banekien noizbait 'pajararen' bat sartuko zitzaidala, eta Menorcan izan da; esperientzia hori bizitzea ere aberasgarria da, hortik ere ikasten da eta”. Aipatu hiruetatik batekin geratu beharko balu, Manhattanekoa litzateke: “Orain arte burutu dudan probarik bereziena izan da; ilusio handia egiten zidan, eta asko prestatu nuen”.
Horrek ez du esan nahi Menorca uhartean burututakora entrenatu gabe joan zenik, ezta gutxiagorik ere. "Egia da, Manhattanekoarekin alderatuta, hau ez nuela prestatu hainbeste; kontua da aurreko hura egiteko ordu mordoa sartu nituela". Taldean egindako lan-saioez gain, bere kabuz egindako entrenamenduak burutu ditu herritarrak, Menorcara joan aurretik.
Entrenamendu horietako asko 25 metroko igerilekuan egin ditu Xabierrek. "Orduak eta orduak ematen nituen 'largoak' egiten, denbora guztian hondoko marra berberari begira; psikologikoki, gehiago nekatzen nau horrek, itsasoan aritzeak baino", zehazten du.
Menorcara joatearen erabakiaren arrazoiaz galdetuta, honakoa erantzuten du igerilariak: "Aurten ez neukan uretan hotza pasatzeko gogo handirik; udara pasatakoan, azaro aldean eman nuen izena proban, eta hilabeteak igaro ahala horrekin geratzea erabaki nuen, eta prestatzen hasi".
Itsasoa, haizea...eta marmokak
Itsaso, haize...baldintza klimatologiko kaskarrei aurre egiten iaioa da Elizegi. Menorcan, beste faktore batengatik egon zen arduratuta: marmokengatik. “Iaz, animalia horiengatik, aldatu egin behar izan zuten ibilbidea, eta, hala ere, igerilari asko erretiratu egin ziren”, aipatzen du. Igandean, “marmoken kontrako krema eta antzeko produktuak soinean” zituela itsasoratu zen Elizegi. Haren eta gainontzeko parte hartzaileen harridurarako, marmoka bakar batekin ere ez zuten topo egin 25 kilometroetan. “Zorte ikaragarria eduki genuela esan ziguten amaieran”, oroitzen du herritarrak.
Udan, inguruko zeharkaldietan ariko da Elizegi. Irailean berriz, Europako Master txapelketara joango da, Kairoscore taldeko hainbat kiderekin batera. Elkarrizketatxoa amaitu aurretik, "eskerrak" eman nahi izan dizkie herritarrak urtean zehar harekin aritzen diren kide eta entrenatzaileei, "nire urduritasun eta maniak agoantatzeagatik".