Ekainaren 25ean izango da Elkarbizi taldeak antolatutako programaren seigarren ikastaroa. 11:00etatik aurrera, Villa Mirentxun “Irakurketa filmikoak 2’ jarduera gauzatuko da eta honen baitan,‘Reconciliación’ dokumenatala ikusi eta aztertuko dute.
Jardunaldia ‘Reconciliación’ dokumentalaren proiekzioarekin hasiko da eta talde dinamikaren bitartez garatuko da saioa antolatzaileek azaldu moduan. Ikastaroan parte hartzeko izena ematen dutenei, dokumentalean agertzen diren elkarrizketen transkripzioa aldez aurretik bidaliko zaizkie. Izan ere, “etorkizuneko bizikidetzari begira, filmean ageri direnen testigantzak eta irakaspenak aztertzea litzateke jarduera honen helburua”.
‘Reconciliación’ dokumentala, Juan Maria Uriarte, Donostiako gotzaina izandakoaren liburuan oinarrituta dago. Fermin Aiok zuzendu duen film honek ETAren, GALen zein polizia indarkeriaren ekintzez hil direnen senideen testigantzak biltzen ditu, elkarren artean dituzten elkarrizketak jasoz.
Maite zituzten senide, lagunen faltak eragin dien samina, ulertezintasun sentimendua eta bakardadearen gainean aritzen dira elkarrekin dituzten solasaldietan. Baita galera horrek sortu dien hutsari buruz, baina batez ere, etorkizunean behar den bakezko elkarbizitzari buruz hitz egiten dute.
‘Ikastaroaren izaeragatik’, Elkarbizi taldeak saio honetan parte hartzeko plazak mugatu ditu eta izena emateko epea ekainaren 23an bukatuko da. Izen emateko, helbide elektroniko honetan egin daiteke ganboiturri@gmail.com doan.