Korporazioko kideek Orlandoko biktimei aipamena eginez ekin zioten ekaineko ohiko udalbatzarrari. Bi ordu pasatxo igaro zituzten gai zerrendako puntuak jorratzen.
Apirilaren 12an eta maiatzaren 26an egindako batzarren aktak onartu zituzten aurrena. Ostean, hamalau aldeko bozka eta hiru abstentziorekin (LOAD Lasarte-Oriak Ahal Du), A-1 Okendo HIEari buruzko akats bat zuzentzeko dokumentua onartu zuten. Bizitegi-eraikinen beheko solairuko lokaletan etxebizitzaren erabilera ezartzea arautzen duen ordenantzari ere hasierako onespena eman zioten, hamar aldeko bozka (PSE, EAJ eta PP) eta zazpi abstentziorekin (EH Bildu eta LOAD).
Atzoko plenora eraman ziren baita ere Lasarte-Oriako bake-epaile titularra eta ordezkoa izendatzeko proposamenak, Alkatetzak egindakoak. Izarra Begoña Gaminde eta Susana Zurutuza proposatzen ditu, hurrenez hurren. Hamaika aldeko bozka (PSE, LOAD eta PP) eta zazpi abstentzio (EH Bildu eta EAJ) jaso zituen. "Bake-epailea aukeratzeko prozesuaren oinarrietan ez ziren hizkuntza irizpide egokiak erabili, horregatik abstenitu gara; kasualitatez, hautaketa ongi irten da, baina gaizki atera izan zitekeen", adierazi zuen EAJko bozeramaile Estitxu Alkortak.
Amiantodun eraikinen errolda
EH Bilduk plazaratutako mozioetako bat amiantoari buruzkoa izan zen. "Amiantoarekiko esposizioa arriskutsua da gizartearentzat oro har, gaixotasun ugariren eragile baita substantzia hori; horregatik, premiazko helburua beharko luke izan amiantoa daukaten produktu guztiak desagerraraztea", gogorarazi zuen bozeramaile Pablo Barriok. "Ildo horretan, herrian dagoen amiantoa desagerrarazteko neurriak hartu beharko lituzke Udalak, biztanleentzat herri seguruago bat izan dadin Lasarte-Oria", gehitu zuen.
Koalizio abertzaleak eskaera batzuk egin zizkion Udal Taldeari: egiteko errolda bat herriko amiantodun eraikinei buruz, amiantoari aurre egin behar dioten langileei prestakuntza eta formazioa eskaintzea, amiantodun etxebizitzetatik substantzia hori erretiratzeko prozedura abiatzea eta programa bat diseinatzea eta biztanleria kontzientziatzea. Onartua izan zen proposamena hamalau aldeko bozkarekin, bi abstentziorekin (EAJ) eta aurkako batekin (PP).
PPko Alejandro Saenzek azaldu zuen aurka bozkatuko zuela, zalantzak zituelako amiantoa eraikinetatik kentzea praktikara eramateko moduaren inguruan. EAJko Estitxu Alkortak bat egin zuen zalantza horrekin, eta esan aldeko bozka abstentziora aldatu zutela jeltzaleek arrazoi horregatik. Jesus Zaballos alkateak adierazi zuen "oso zaila" dela jabetza pribatuko etxebizitzen errolda bat egitea, baina hori bera egin daitekeela Udaletxearenak direnetan. "Udalak ezingo du sartu etxebizitza pribatuetan, baina jabeek azterketa egin ostean emaitzaren berri bai ahal diotela eman, eta errolda horretara gehitu".
'Lasarte-Oria 2030' plan estrategikoa eta 'Mandela arauak'
EH Bilduk proposatu zuen beste ekinbideetako bat izan zen 'Lasarte-Oria 2030' plan estrategikoa burutzearena. Barriok azaldu zuenez, "beharrezkoa" da herria "bere etorkizunari buruz hausnartzen" hastea, "gizarte, kultura eta sozioekonomia arloetako eragileekin" lanketa eginez. Era berean, zehaztu zuen Lasarte-Oriarentzat 2005ean diseinatutako plan urbanistikoa "jokoz kanpo" geratu zela 2/2006 Lurzoru eta Hirigintza legea onartu zenean. "Arau subsidiarioak eta plan orokorrak egokitu egin behar dira lege horretara", azpimarratu zuen.
Korporazioko kideek ez zuten onartu koalizio abertzalearen proposamena. Aldeko lau bozka (EH Bildu), aurkako hamar (PSE, EAJ eta PP) eta hiru abstentzio (LOAD) jaso zituen. PSE-EEk zuzenketa alternatiboa aurkeztu zuen gero. Horretan, Udal Gobernuari eskatzen zaio Planeamendu Kontseilu Aholkularian "diagnostiko zabal bat" egiteko Udaleko Arau Subsidiarioei buruz; behin azterketa hori eginda, hori erabiliko litzateke gaur egungo arauak aldatu eta legediara doitzeko. Bozketaren emaitza honakoa izan zen: hamahiru aldeko eta lau abstentzio.
Hurrengo puntua EH Bilduk aurkeztutako 'Mandela arauei' buruzko adierazpen instituzionala izan zen. 2015eko abenduaren 17an, NBEren batzar orokorrak onartu zituen "presoak tratatzeko oinarrizko arau" horiek, Barriok zehaztu zuenez. "Eragin eta balio handia dute: azpimarratzekoa da tortura eta bestelako zigor anker eta gizagabeen hitzarmena hartzen dutela oinarritzat". EH Bilduko bozeramaileak atxiki zuenez, 122 arau horiek "funtsezko" printzipio batean oinarritzen dira: "Preso guztiak, euren duintasuna eta gizaki gisa duten berezko balioagatik merezi duten tratamendua jasoko dute". EH Bilduren hitzetan, "euskal presoen kasuan ez da hori gertatzen, besteak beste, isolamendua sistematikoa bihurtzen baita, irizpide arbitrarioak erabiliz zigor hori ezartzerakoan".
Udalbatzarrak ez zuen onartu mozioa; sei aldeko bozka (EH Bildu eta EAJ), aurkako zortzi (PSE eta PP) eta hiru abstentziorekin (LOAD). PPk adierazi zuen euskal presoak ez direla "ETArenak soilik", eta "dispertsio politika" dela "ETAren aurka egiteko baliabide eraginkorrenetako bat". LOADek adierazi zuen "presoen baldintzak duintzearen alde" dagoela, baina EH Bilduren mozioan "preso guztiak barne hartzen dituen planteamendu integral bat" jasotzen ez denez, abstenitu egingo zela. EAJk, bere aldetik, zehaztu zuen "guztiz onargarria" dela Mandela arauetan jasotzen dena, eta ez zuela nahi sartu "eztabaida zaharretan". Dena den, Estitxu Alkorta bozeramaileak gogorarazi zuen gisa horretako gaiak tratatzeko badagoela osatua Bizikidetza foro bat. "Bertan elkartzen garenean, gairik ez da eramaten, ez du inork hitz egiten, eta gaur bai; zergatik, plenoa publikoa delako?".
Parking-a erosketak egiteagatik eta irekitze sistema automatikoa
Jarraian bi mozio transakzional aztertu ziren, EAJk eta PSE-EEk elkarrekin aurkeztutakoak. Lehenengoan, bi alderdiek proposatu zuten hiru aldetako hitzarmen bat sinatzea Udalaren, Aterpea merkatari elkartearen eta Murias eraikuntza enpresaren artean, herriko komertzioetan erosketak egiten dituzten biztanleek "doan" edo "abantailekin" aparkatu ahal izateko parking batean. Korporazioko kide gehienek onartu zuten mozio hori; LOAD bakarrik abstenitu zen. Arkaitz Nayak eman zituen arrazoiak: "Ez gaude ideia horren kontra, baina estrategia beste era batera planteatu beharko litzatekeela uste dugu; kanpoaldeko auzoko biztanleek erdiguneraino joan behar ez izateko komertzioak bertan jarri behar direla pentsatzen dugu, eta, bestalde, garraio publikoa gehiago sustatu behar dela".
Bigarren mozioa udaletxeko ateak automatikoki irekitzeko sistema bat ezartzeari buruzkoa zen. Estitxu Alkorta EAJren bozeramaileak zehaztu legez, herriko biztanle guztien irisgarritasuna hobetzeko "beste urrats" bat emango luke Udalak neurri horrekin. Aho batez izan zen onartua mozioa.
Eskolaz kanpoko jarduerak
LOAD alderdiak "jarduera osagarri eta eskola-orduz kanpoko murrizketak" salatze aldera adierazpen instituzional bat plazaratu zuen. Alderdi horren aburuz, datorren ikasturtera begira "90 ACEX eskolaz kanpoko jarduera programa" desagertuko dira, "zentroetako langileen jarduerari nabarmen eraginez". EAJko Estitxu Alkortak aipatu zuen ez direla murrizketak egin programa horretan, "birmoldaketak" baizik. PSE-EEko Lourdes Acevedok adierazi zuen ACEX programen murrizketak "mahai-kolpe baten arabera eta soilik diruarengan pentsatuz" gutxitu dela eskaintza: "Gisa honetako gaiak tratatzerakoan, diruak ez luke izan behar erabakiak hartzeko irizpide inportanteena".
Mozio honek ere babes zabala jaso zuen; EAJk ezik, beste guztiek alde bozkatu zuten.
Udalerriaren izena eta ekainaren 28a
Bozeramaileek aurrez onartuta, herritar batek egindako proposamena ere eztabaidatu zuten atzo, "gure herriaren izendapen egokiari" buruzkoa. Horretan planteatzen zen erreferendum lotesle bat gauzatzea Lasarte-Orian, biztanleei aukera emanez izena erabakitzeko. Korporazioko kideek ez zuten babestu proposamena: hiru aldeko bozka, hamahiru aurkako eta abstentzio bat jaso zituen. Jesus Zaballos alkateak zehaztu zuenez, "herriko pertsona bakoitzaren burutazio batengatik erreferendum bat egiten hastea ez da inolaz ere bideragarria; gisa horretako prozesu bat abiatzeko askoz ere babes zabalagoa eduki beharko luke atzetik, eta, momentuz, pertsona bakar baten ideia izan da".
Bestalde, aho batez onartu zuen udalbatzarrak ekainaren 28a "lesbiana, gay, transexual, intersexual eta Queer-en nazioarteko eguna"-ri buruzko adierazpen instituzionala.
Galdera eta erreguak
EH Bilduk bi galdera egin zizkion Udal Gobernuari. Lehenengoak Zubietako errauste plantaren egitasmoarekin zeukan zerikusia. Eusko Jaurlaritzak Udalari ingurumen txostena bidali diola eta alegazio epea irekita dagoela aintzat hartuta, alderdi horrek jakin nahi zuen ea Udal Gobernuak asmorik daukan alegaziorik aurkezteko edo etorkizunean urratsak emateko. Alkateak erantzun zuen Udalak eskatu diola Eusko Jaularitzari prozesu horretan Lasarte-Oria "parte interesatu" bezala kontsideratzea.
Bigarrena Atsobakar zaharren egoitzari buruzkoa izan zen. Erresidentzian bost egoiliar berri sartu dira berriki, eta hamar eguneko zentroan. EH Bilduko zinegotzi Gorka Lizarragak zehaztu zuenez, Gizarte Zerbitzuetako batzordean jakin zuten Clece enpresak Udalari kontratuaren modifikazio bat eskatu ziola, pertsona gehiago sartuko zirelako egoitzan. Lizarragak gehitu zuen batzordean jakin zutela Udalak ez duela kontratua aldatu, eta egoiliar horiek "berme juridikorik gabe" daudela, eta "akats administratibo larria" dela. Horren harira, galdetu zuen ea nork baimendu duen pertsona horiek ingresatu ahal izatea. Jesus Zaballos alkateak erantzun zuen "Gipuzkoako Diputazioaren erabakia" izan dela hori. "Obrak egin ziren Atsobakar egoitzan, eta plaza kopurua handitu; Udalak autorizazioa eskatu zion Diputazioari, haiek ikus zitzaten plazak eta onetsi zitzaten, gero kontzertatzea eskatu zen, baimena eman ziguten eta kontzertatu egin genituen. Plazak nork betetzen dituen, Diputazioak erabaki zuen". Zaballosek gehitu zuen "kontratua aldatzen" ari direla uneotan, Clecerekin batera.
Era berean, aurreratu zuen gaur hitzarmen bat sinatuko zutela Diputazioak eta Udalak, Atsobakarren egoitzan lanak egiteko proiektua diseinatzeari buruzkoa.
Azkenik, herritarren txanda etorri zen. Mayi Bengoetxea herritarrak errefuxiatuak bizitzen ari diren egoera latzaren inguruan hitz egin zuen pleno aretoan. Era berean, hainbat argazki banatu zituen korporazioko kideen artean, eta minutu bateko isilunea gordetzeko eskatu. "Europak lotsarazi egiten nau" lelodun afixa ere erakutsi zuen.