Rioko Olinpiar Jokoak hasteko pare bat hilabete ere falta ez direnean, Maialen Chourrautek sasoi betean dagoela erakutsi du beste behin, Seu d'Urgellen jokatutako Munduko Kopako proba irabazita. Nagusitasunez izan da garaile, gainera: 99.61 segundotan osatu zuen finala herritarrak, Jessica Fox eta Ricarda Funk-i -bigarren eta hirugarren izan ziren, hurrenez hurren- bi eta lau segundo aterata.
"Ikaragarria izan da; gutxitan ausartzen naiz korrontearen aurkakoak diren ateak kanpoaldetik zeharkatzen, eta behin baino gehiagotan egin nuen igandean, oso pozik nago", adierazi zuen Chourrautek. Bikoitza izan zen igandeko ospakizuna, amak Munduko Kopako proban urrea irabazi baitzuen, eta Ane alabak hiru urte bete.
Asteburu honetan Paun (Frantzia) ariko da piraguista herritarra, Munduko Kopako beste proba bat jokatzen. "Garrantzitsua izango da, Olinpiar Jokoak jokatu baino lehenagoko azken nazioarteko konpetizioa baita", zehaztu zuen Chourrautek.