LOKEko gimnasten erakustaldia Sakonetan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ekainaren 10a

Beste asteburu batez sasoi betean daudela erakutsi dute LOKEko gimnastek. Oraingo honetan, Leioako Sakoneta kiroldegian. Aizpea Arroyo nagusi izan zen senior mailan, eta Jubenil A taldea bigarren.

LOKEko gimnastek parte hartzen duten txapelketako podiumetara igotzen jarraitzen dute. Pasa den asteburuan Leioako Sakoneta kiroldegian (Bizkaia) jokatu zen txapelketan lehiatu ziren. Ederki, gainera.

Aizpea Arroyo seniorra garaipenak pilatu eta pilatu ari da aurten. Azkenekoa, iragan asteburukoa. Txapeldun izan zen senior mailan, mazekin. Haren taldekide Garazi Gomezek meritu handiko laugarren postua erdietsi zuen, uztaiekin. Jubenil A taldea, berriz, bigarren onena izan zen sailkapenean, mazekin.

Bolada onean jarraitzera

Igande honetan denboraldiko azken txapelketa jokatuko dute gimnastek, Getxoko Fadura kiroldegian (Bizkaia), goizean zehar. Bakarka ariko dira hiru gimnasta: Aizpea Arroyo uztaiekin, eta Garazi Gomez zein Alazne Gonzalez uztaiekin.