Euskararekin esperimentatzen

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ekainaren 9a

'Euskara, ezagutzatik erabilerara' mikro irekiaz gozatu zuten herritarrek asteazkenean, Jalgin. Hizkuntza oinarri hartuta garatutako hainbat esperientzia ezagutu zituzten.

Lutxo Egia, Aitziber Gurutzeaga, Maddi del Campo eta Mari Karmen Ormazabal mikrofono baten bueltan bildu ziren asteazkenean, Jalgin; euskara oinarritzat hartuta urteotan garatu dituzten zenbait esperientziari buruz jardun ziren, giro ederrean.

30 egunez euskara hutsean

Lutxo Egia bilbotarrak hilabete pasa zuen hiri horretan, euskara hutsean komunikatzen. “Euskararen aktibazioaz egin nahi nuen gogoeta, deskubritu subjektu euskaldun zerk bihurtzen gaituen”, azaldu zuen Egiak.

Bere egitasmoak “hasieran kutsu artistikoa” zeukala ere zehaztu zuen.

Indarra gal ez dadin

Ainhoa Gurutzeaga donostiarrak Egia auzoan plazaratutako proiektua ekarri zuen Jalgira. Urtarrilaren 8tik martxoaren 4ra bitarte, astez aste lekukoa batetik bestera pasaz, euskara ahoz aho ibili zuten. 

“Korrika eta antzeko jaialdiek indar handia sortzen dute, baina egunak pasa ahala galtzen joaten da pixkanaka; guk mantendu egin nahi genuen hori”, aipatu zuen. 'Egian euskaraz bizi nahi dugulako' du izena ekimenak.

Añorgan, koadrilaka

Añorgako hainbat koadrilek Egiako eredua eurena egin eta antzeko proiektu bat jarri zuten martxan auzoan. “Euskararen aktibazioa sustatzeko baldintza egokiak ematen zirela ikusi genuen, eta lanean hasi”, adierazi zuen Maddi del Campo añorgatarrak. 

40 ordu eta 40 egun

Urrian iritsiko da Euskararen 9. Maratoia herrira. Solasaldia gidatzeaz gain, Mari Karmen Ormazabalek egitasmo horren hainbat xehetasun izan zituen gogoan. Besteak beste, aipatu zuen zertan izango den aurtengo erronka: 40 orduz euskaraz bai, baina baita 40 egun ere.

Solasaldiak iraun bitartean, ekitaldira bertaratutakoek euren inpresio eta galderak partekatu zituzten hizlariekin.