'Euritan ere jolasean' da udalaren parte hartze prozesu berriaren izena. Herrian plaza edota parkeak estaltzearen beharra aztertu nahi da haurrak, guraso eta herritarren hausnarketaren laguntzaz. Hiridunak estudioa hasi da parte hartze prozesu hau garatzen eta Agustin Valdiviak esan bezala, 12.000 euroko kostua izango du.
Orain eskolekin ari dira eta LH1 eta 2. mailako ikasleekin lanketa bat egiten hasi dira herrian behar dituzten espazioak zeintzuk diren jakiteko. Gurasoei ere inkesta bat pasa zaie eta eskoletako arduradunekin ere hitz egin da euren iritziak ezagutzeko. Azpimarratu behar da, kurtso amaiera dela eta gurasoek inkestak parte hartze postontzietan utzi ditzaketela.
Uztailaren 4ean erakusketa bat jarriko da herrian zehar beste herrietan estali diren jolas parke edota plazen adibideekin. "herritarren artean hausnarketa bultzatu nahi dugu honekin, hasierako formazio bat gauzatu". Ondoren, irailean diptiko bat banatuko da etxeetara eta iraila eta urria bitartean hiru tailer ireki egingo dira herritarren iritziak jaso eta estalpea behar duten lekuak erabakitzeko. Tailler hauetatik ateratzen diren erabaki edota ondorioak, udalak aztertuko ditu eta zein lan exekutatu erabakiko da. Horretarako aurtengo aurrekontuetan 140.000 euroko partida dagoela aipatu du zinegotziak.