Hassanna Aalia: "Mendebaldeko Saharako gatazka politikoa da, ez humanitarioa"

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ekainaren 8a

Mendebaldeko Sahararen egoera Furia Beltza tabernara ekarri zuen atzo arratsaldean Hassanna Aalia aktibistak. Hainbat gai jorratzeaz gain, zendu berria den eta 40 urtez SEADren presidente eta Frente Polisarioaren idazkari nagusi izandako Mohamed Abdelaziz ere gogoan izan zuen. "Beste saharar bat joan zaigu, bere herrialdea libre ikusi gabe".

Hassanna Aalia (Aaiun, 1988) aktibistak hitzaldi bat eskaini zuen atzo arratsaldean Furia Beltza tabernan; Mendebaldeko Sahararen egoera izan zuen hizpide. Hori baino lehen, Sahararen Lagunak taldeko kide Tomas Arrutik hizlariaren sarreratxo txiki bat egin zuen, zendu berri den eta 40 urtez SEADren lehendakari eta Frente Polisarioaren idazkari nagusi izandako Mohamed Abdelaziz gogoan ekartzearekin batera. "Une latzak bizitzen ari da herri sahararra; animo eta elkartasun guztia hemendik", adierazi zuen.

Aaliak Aaiundik irtetea erabaki zuen 2011n. Hilabete batzuk lehenago, 2010eko udazkenean, Gdeim Izik erresistentzia kanpalekua altxatzen hartu zuen parte. Polizia marokoarrak bortizki suntsitu zuen gune hori, urte horretako azaroaren 8an. Bi hilabete ezkutuan pasa zituen Aaliak, Marokoko indar armatuek atxilo hartu zuten arte. Epaitegi zibil batek lau hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion, baina ez zuen bete behar izan. Orduan hartu zuen jaioterria utzi eta ikasketak atzerrian jarraitzeko erabakia.

Madrildik igaro ostean ailegatu zen Bilbora, 2011ko martxoan. Sorterrira itzuli zen handik gutxira, urrian Bizkaia aldera bueltatzeko berriro. Giza Eskubideen arloan formatzen jarraitzeko beka batekin jarraitu zuen ikasten, eta Mendebaldeko Saharari buruzko hitzaldiak ematen, 2013an albiste latz bat jaso zuen arte. Rabateko Gobernuak bilatu eta atxilotzeko agindua igorri zuen, eta epaitegi militar batek biziarteko kartzela-zigorra ezarri. Estatu Espainiarrari asilo-eskaera egin zion orduan, baina 2015ean ukatu zioten. Barne Ministerioak Marokora kanporatua izan zedila agindu zuen, baina Aaliak errekurtsoa jarri du, eta auzia argitu bitartean Auzitegi Nazionalak geratuta dauka aktibista sahararraren kontrako kanporatze agindua.

"Gure gatazka politikoa da"

Atzokoan hainbat gai jorratu zituen aktibista gazteak. Esaterako, behin eta berriro azpimarratu zuen nazioarteak ez diola egiten jaramon handirik Mendebaldeko Saharako gatazkari, eta zenbait herrialdek aldatu egin nahi dutela konfliktoaren izaera: "Batzuei interesatzen zaie esatea gure gatazka humanitarioa dela, saharar gaixooi gisa horretako laguntza bidali behar zaigula, baina ez da hala; gure gatazka politikoa da, eta laguntza politikoa behar dugu".

Badira 40 urte Espainiak lurralde hori abandonatu eta Marokok okupatu zuenetik. "Ez zen izan 'martxa berde' bat, komunikabide askok oraindik saltzen duten lez, genozidio bat baizik: milaka pertsona erail ditu Marokok, beste hainbat desagertuta daude, gure kultura suntsitu dute, 'Lotsaren Horma' eraiki...bi zatitan banatuta dago saharar biztanleria", nabarmendu zuen Aaliak.

Espainia, erantzukizunetik ihesi

"Urte luzez Espainiaren okupazioa pairatu genuen, 1975ean Mendebaldeko Sahara abandonatu zuten arte. Dena dela, oraindik pairatzen ditugu bere politikak, hitzarmenak sinatzen dituelako Marokori armak saltzeko, eta bere garaian Marokorekin berarekin eta Mauritaniarekin hiru aldeko akordio batera iritsi zelako, gure lurraldean interes ekonomikoak mantendu eta baliabide naturalak ustiatzeko", azaldu zuen Aaliak.

"Venezuela edo antzeko herrialderen batean" horrelakorik gertatuko balitz, Aaliaren aburuz, "bestelakoa" litzateke erantzuna. "Ziur hemengo alderdi politiko askok manifestazioak egingo lituzketela, bidaiak ere antolatuko lituzketela hara, baina badakizue, Venezuela gertu dago eta Mendebaldeko Sahara urruti...", aipatu zuen aktibistak, ironiaz.

"Pairatutako injustizia guztien aurrean sahararrok borroka egitea erabaki dugu, eta lortu ditugu zenbait gauza urteotan: 84 herrialdek aitortza egin digute eta lasai bidaiatu dezakegu horietara, Frente Polisarioak hamabost urteko gerra baten ostean lurralde okupatuaren zati bat askatzea lortu zuen...", azpimarratu zuen Aaliak. 

Hitzaldira gerturatutako herritarrek adi-adi entzun zituzten aktibista sahararraren azalpenak, eta te goxoa dastatu ahal izan zuten baita ere.