Gorka Lara-Iñigo Zabala eta Luke Irazusta-Katerin Arruabarrena bikoteak garaile herriko padel txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko eka. 7a, 14:37

Padel erraketa eta pilotak izan ziren protagonista larunbatean zehar Lasarte-Orian. Herriko txapelketako finalak jokatu ziren kiroldegian, giro ederrean. Ondoren, hainbat parte hartzaile eta antolatzailek afari legea egin zuten Iruin sagardotegian.

Gizonezko zein emakumezkoen txapeldunen faseetako finalak izan ziren eguneko norgehiagoka erakargarrienak. Gorka Lara eta Iñigo Zabala -azken honek ez zuen jokatzerik izan, min hartuta baitago; Angelek ordezkatu zuen- eta Luke Irazusta eta Katerin Arruabarrena izan dira txapeldunak. Javi Cabo eta Jon Izeta hartu zituzten mendean lehenengoek: 3-6, 6-2 eta 6-1. Bigarrenek, berriz, bi setetan irabazi zuten txapelketa, Kris Dos Santos eta Elena Benditori 7-5 eta 6-4 irabazita.

Emakumezkoen txapeldunen faseko 3. postua eskuratu zuten Kontxik eta Beak, Noe eta Virginia 6-1, 4-6 eta 6-2 mendean hartuta. Gizonezkoen txapeldunen fasean, norgehiagoka hori bertan behera geratu zen, Paxo eta Urkok osatutako bikoteak ezin izan baitzuen jokatu, lesioengatik.

Kontsolazio faseetako emaitzak

Gizonezkoen kontsolazio faseko txapeldunak Ander Zapiain eta Beñat Pagoaga izan dira aurten. Majo izerditu behar izan zuten Javi Alonso eta Aitor Erauskin mendean hartzeko: 3-6, 6-4 eta 6-3. 3. postua, berriz, Miguel eta Danirentzat izan da, Patxi eta Albertori 3-6, 6-4 eta 6-4 irabazi ostean.

Finalak jokatu eta gero, sariak banatu ziren parte hartzaileen artean. Gauean, hainbat jokalari eta antolatzaile Iruin sagardotegira joan ziren afaltzera, aurtengo txapelketa arrakastatsuari amaiera ezin hobea emanez.