Hamaseigarrenez ironman batean

Iñigo Gonzalez Sarobe 2016ko ekainaren 6a

Bost urte eta gero, ironman distantziako triatloi bat burutzera animatu da berriro Andoni Illarramendi herritarra. Tarragona aldera joan zen maiatzaren 28an, IronCat proba egitera. Ez zitzaion batere gaizki joan: bederatzigarren helmugaratu zen, 9:21:11ko denbora eginez. “Pozik” dago egindakoarekin.

Gustura nago egindakoarekin, ezin naiz kexatu, baina sentsazio gazi-gozoarekin geratu nintzen IronCat proba amaitu ostean. Maratoian ederki ari nintzen lasterka, baina bukaera aldera arazo muskularrak eduki eta amaierako denborari minutu batzuk gehitu. Hala ere, sentitzen dudanak gehiago du gozotik, gazitik baino”. Horrela laburbiltzen du Andoni Illarramendik maiatzaren 28an burutu zuen ironman distantziako IronCat proba.

Igerian 3,8 kilometro egin zituen, 180 bizikletan eta 42 korrika. Bederatzigarren postuan helmugaratu zen, proba 9:21:11ko denboran eginda. 

Bost urte eta gero
IronCat-ean aritu baino lehen, pasa ziren bost urte Illarramendik aipatu ezaugarrien antzekoak dituen proba batean azkenekoz parte hartu zuenetik. “Oso mentalizatuta egon behar duzu gisa horretako esfortzuak egiteko, ordu askoko entrenamendu errutina bat jarraitzeko; gogoa eduki behar duzu, eta hori berreskuratu dut orain, horregatik erabaki dut ironman batean aritzea berriz”, zehazten du herritarrak.

Azken honekin, hamasei ironman egin ditu jada Illarramendik, triatloiaren munduan murgilduta daramatzan hogei urteetan; 43 urte ditu berak. Triatleta lasarteoriatarraren esanetan, ironman bat burutzeko adin-tarte “aproposena” 32 eta 40 urte bitartekoa da. “Urteen poderioz fondoa eta erresistentzia irabazten dituzu, baina 'txispa' galtzen zoaz, eta hori ere beharrezkoa da proba horiek egiteko. Gorputza adin-tarte horretan dago %100ean, nire iritziz”.

Irizpide horren arabera, ondoriozta daiteke ironmanak egiteko garai onena pasa dela jada herritarrarentzat. Teorian, gero praktikak erakusten baitu sasoi betean dagoela. Arestian esan bezala, bederatzigarren postua erdietsi zuen IronCat lasterketan, 9:21:11ko denborarekin. Egin dituen hamasei ironmanen denborak eskuetan, pasa den maiatzaren 28kokoa bigarren onena izan da, Illarramendik berak zehaztu legez. Ez da Tarragona aldean jokatzen den proban parte hartzen duen lehenengo aldia: aurreneko edizioan irabazi egin zuen –aurtengoa hamabigarrena izan da–, eta bigarren eta laugarren ere egin izan du.

“IronCat proba purua dela esango nuke; gaur egun polemika handia sortu du bizikletaz egin beharreko zatian lasterkariek besteen gurpilari pega-pega eginda joateak. Berez, ironman batean ezin da hori egin, baina praktikan ez da beti betetzen. IronCat-en, ordea, bai; berezia da oso lasterketa hori”, zehazten du.

Elikadura aldaketa
Bistan denez, herritarrak ongi asko ezagutzen du IronCat. Dena den, aurtengo edizioari ekin aurretik, bazuen ezinegon apur bat, elikadura aldaketak eragindakoa. Orain dela pare bat urtetik, Illarramendi begetarianoa da. 

“Beldurra neukan, ez bainekien zenbaterainoko eragina izan zezakeen aspektu horrek probak egiterakoan. Izan ere, begetariano bilakatzea erabaki nuenean, nire gorputza egokitu egin behar izan zen horretara. Dena den, lehengo maila berean egotera iritsi naizela uste dut”. 

Entrenamenduak
Astean hirutan egiten du igerian, Kiroldegian, Buruntzaldea IKTko master atalean. Bizikleta eta korrika saioak ere egiten ditu, jakina. Gehienbat, asteburuetan: orduan izaten du denbora libre gehien. Ironman bat prestatzen ari denean, lan-saioen erritmoa eta iraupena progresiboki igotzen ditu, bospasei orduko entrenamenduak egiteraino. Andoaingo Zumeatarra triatloi taldean aritzen da gaur egun.

Fisikoarekin batera, baina, burua ere landu behar dela dio herritarrak. “Gakoa da, probetako une askotan tentazioa eduki ohi da erretiratzeko; indartsua izan behar duzu aurrera egiteko”.

Indarraz hitz eginda, familia eta lagunen babesa ekartzen du gogora Ilarramendik. “Eskerrak eman nahi dizkiet, haiek gabe askoz ere zailagoa baita hau dena”.
Ekainaren 11n Zarautzeko triatloia jokatuko du. “Presiorik gabe” joango dela dio, bi aste besterik ez baitira pasako IronCat egin zuenetik. “Ironman batetik osatzeko, hilabete behar dut; hala ere, Zarautzen jada izena emanda nuenez...”.