Teresa sorginari agur

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ekainaren 6a

Ekintza egitarau zabalaz gozatu ahal izan dute asteburuan Zabaletako bizilagunek. Eguraldi ona lagun, jai giro aparta izan da ostiraletik igandera. Haur zein helduentzako ekintzek jendea erakarri dute. Aurtengoan ere Sorgin krosa egin zen larunbatean eta Ibai Albak irabazi zuen 6,6km-ko ibilbidea 21 minututan osatuta.

Beste urte batez, Zabaletako jaiek ez zuten hutsik egin. Asteburuan herritar asko bildu ziren ekintza egitarau zabalaz gozatzeko. Ostiralean antzerkia eta txokolatadaren ostean iritsi zen Teresa sorgina, jendetza bildu zen ongietorria egitera tartean Jalguneko lagunak izan zirelarik. Dantza ikuskizuna izan zen iluntzean eta parranda nahi izan zutenentzat Iratzar taldeak jarri zuen musika. Larunbatean berriz, kirolak hartu zuen auzoa.

Oraindik azken parranderoak auzoan zirela, hasiera eman zitzaion 3. Sorgin Krosari. Aurtengoan 44 parte hartzailek osatu zuten 6,6km-ko ibilbidea. Lehenengoa helmugara iristen Ibai Alba izan zen. Bere atzetik sartu zen segundu batzuetara, Dabid Martin eta hirugarrena izan zen Javier Garcia. Emakumezkoetan, Pili Bodegas herritarra izan zen lehenengoa, bere atzetik Anabel Eleno eta Maite Salazar sartu zirelarik. Eskoba eta mus txapelketak ere jokatu ziren eta arratsaldean txirrindulariek hartu zuten auzoa. Bertso saioa beste parranda gau baten aurrekari izan zen. 

Atzokoan berriz, euskal dantzak, herri kirolak eta ohitura den proba mistoaz gozatu ahal izan zen. Xumela eta Errebal taldeen musikarekin agurtu zituzten festak zabaletako bizilagunek. Ohi bezala, Teresa sorginari agurra eta azken traka egin zen.

Asteburuko argazki sorta hemen.