Atzo arratsaldean, LAB sindikatuak eskualdean antolatutako Borroka astearen azken eguna izan zen. Honetan bi ekintza nagusi egin zituzten.
Goizean, Usurbildik atera eta eskualdeko herrietan barrera kotxe karabana izan zen.
Eskualdeko egoera ekonomikoa eta enpresen lan baldintzak salatu zituzten.
Bereziki, Usurbilgo Ingemar enpresak bizi duen egoera atera zuten kalera. Langileak gaurtik aurrera greban daude eta bideragarritasun plan bat eskatu diote enpresari Usurbilgo lantegiak martxan jarrai dezan. Egoera hau dela eta 'Ingemar ez itxi!' kartela irakurri ahal zen karabana osatzen zuten kotxeetan.
Manifestazioa herrian zehar
Bestalde, arratsaldean, eskualdeko manifestazioa izan zen Lasarte-Orian.
'Langileok bideak batuz!' lelopean, Okendo plazatik irten eta erdialde zein Zumaburu auzoko kaleak zeharkatu zituen. “Prekarietatea, hiltzailea” eta “Lan-istripua, terrorismo patronala” bezalako aldarriekin gaur egungo lan-baldintzak salatu zituzten. Era berean, Usurbilgo Ingemar ez ixteko eskatu zuten.