Azken urteetan egin bezala, Europa mailako Aste Berdearen baitan, udalak Artelatzekin batera ekimen berezia gauzatuko du. Agustin Valdivia Ingurumen zinegotziak azaldu duenez gaur egindako agerraldian, “garrantzitsua iruditu zaigu herritarrak kontzientziatzea espezie inbaditzaileen inguruan”. Izan ere, gurean kalteak eragiten dituzte jatorriz beste lurralde batekoak diren landare edo animalia hauek.
Valdiviak azaldu duenez, espezie horien inbasioaren jatorria gizakiaren ekintzetan eta aldaketa klimatikoan dago. Landareen kasuan zehazki, gehienak herrira apaingarri modura ekarri ziren aurrez jakin gabe izango zuten eragina, eta horrela pixkanaka ingurua kolonizatu dute eta bertakoei lekua kenduz joan dira. Gure kasuan, panpa belarra, banbu japoniarra, sasiakazia eta tximeleten zuhaixka dira.
Asiako liztorra
Animalien kasuan, Asiako liztorra eta Amerikako ibai-karramarroa dira herrian zabalduen daudenak. Hain zuzen, bereziki lehenengoei buruzko informazioa emango da herritarren artean. Artelatzek asteazken goizean jarriko du karpa berezia azokan eta bertan habiak, argazkiak eta erleak ikusteko aukera izango da. Larunbatean Okendon jarriko da informazio gunea.
Etxe guztietan
Informazio guneaz gain, etxe guztietara bidaliko da herrian dauden espezie inbaditzaileen inguruko esku-orri bat. Bertan hauek identifikatzeko fitxak azaltzen dira baita hainbat aholku ere, “herritarrek ezezagutzagatik mota honetako animalia zein landarerik zabaldu ez dezaten”. Izan ere, “adibide garbiena Froilan Elespe parke botanikoan dago”.
Ibai-karramarroak ezin ditu udalak kendu kalterik eragin gabe, “hauek hezegunearen ekosistema eraldatu dute eta garai batean hiru egunez bertan geldialdia egiten zuten enarek dagoeneko ez dute egiten”azaldu zuten udal ordezkariek.
Asiako Liztorra bereziki kaltegarria da bertako erlearentzat. “Kaltea herriko erlezainek pairatzen dute. Hala ere, gure inguruan eragiten dutena herritarrek jakitea funtsezkoa da”.
Udalarentzat hauen lehenengo habiak topatzea da lanik garrantzitsuena, habia txikiak dira eta kentzea funtsezkoa da ondoren ez ugaltzeko. Hauek ahalik eta lasterren aurkitzeko herritarren laguntza eskertzen du udalak eta identifikatzeko Asiako liztorraren ziklo biologikoa azaldu eta irudiz osatzen da esku-orrian.Azpimarratu nahi izan dute, kanpaina garrantzitsua egiten dela ingurumen sailetik liztor komunitatea gurean kontrolatzeko. Aurkezpenean jendea animatu dute informazio gunera gerturatu eta herriko ekosistemak zaintzearen garrantziaz jabetzera.