Bertso Paper Lehiaketak baditu irabazleak

Lasarte-Oriako Bertso Paper lehiaketako sari banaketa egin dira gaur goizean Manuel Lekuona kultur etxean. Unai Muñoa eta Ane Labaka bertsolariak eta Jon Antxordoki Euskara batzordeburua izan dira sari banaketa ekitaldian.

Labakak eta Muñoak bertso saio txiki batekin eman diote hasiera ekitaldiari. Honetan, amodio kontuak izan dira nagusi. Lehenik, bertsolarien arteko ika-mika izan da eta ostean, aretoan zeuden gazteei eta irakasleei adarra jo diete bertsolariek.  

Sariak

Jarraian, irabazleak jakitera eman dira.

LH mailan, 5. mailako gazteek eskuratu dituzte sariak. Landaberri ikastolan Haritza Diaz de Guereñu eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxean ‘The shield’ ezizeneko bertsoak. Bien artean irabazlea, Haritza izan da. Maialen Aristegi DBH4 mailako ikaslea izan da irabazlea handien mailan.

Aipamen bereziak ere izan dira, guztiak Landaberri ikastolako ikasleek jaso dituzte. LH mailan, LH5 mailako Katixa Izaga eta DBH mailan, berriz,  DBH1 mailako Olatz Castro, Nahia Calle eta Haizea Arbizu.

Bertsolari harrobia
Aurten Landaberri LH eta DBH mailako ikasleek eta Sasoeta-Zumaburuko ikastetxeko LH mailako gazteek hartu dute parte. Guztira 90 lan aurkeztu dira lehiaketara.

LHkoek ‘Eskolarekin gau bat pasatzera noa...’ eta 'Zer dira lagunak zuretzat?' gaiak aukeratu ahal izan dituzte lana egiteko; DBH ikasleek, aldiz, 'Youtuberra izatea gustatuko litzaidake' eta 'Lehenengo aldiz maitemindu naiz'.