Beltzak errugbi eskolako 16 urtez azpiko taldea bigarren Hernanin, Gipuzkoako txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ekainaren 2a

Denboraldia bukatu dute ofizialki, baina Beltzak eskolako taldeek errugbiaz gozatzen jarraitzen dute. 16 urtez azpikoek, esaterako, Gipuzkoako txapelketa jokatu zuten Hernanin. Meritu handiko bigarren postua eskuratu zuten; Hernani bera izan zen garailea.

Bestalde, 14 urtez azpikoek talde indartsu batzuen aurka neurtu zituzten indarrak: Baionako Aviron, Elorrio, Atletico San Sebastian, etab. Denera hamahiru taldek hartu zuten parte, eta herriko jokalari gazteek seigarren postua erdietsi zuten. 12 urtez azpikoak Ordizian aritu ziren, eta 10 urtez azpikoak berriz, Anoetan; bigarren izan ziren.

Azkenik, Babyauto Zarautz taldeko aurrelariek osatutako 'Pottolak' taldeak 'Fat Rugby' delako txapelketa bitxia irabazi zuen. Baldintza batzuk bete behar ziren horretan parte hartzeko: jokalariek 90 kilo pisatu behar zituzten gutxienez. Monzonen (Huesca) jokatu zuten txapelketa, iragan asteburuan.