Ortzadarraren koloreko lokarriz josita egon zen Udal Kiroldegia larunbat goizean. Izan ere, herriko areto-futbol txapelketako finalak ikustera joan ziren ikusle askok eta askok egin zuten bat Gehitu elkartearen kanpainarekin.
Edozein kirol diziplinatan aritzen diren pertsonei dago zuzendua aipatu kanpaina hori. Deia egiten zaie euren oinetakoetan ortzadarren koloreko lokarriak jartzera, "homofobia, lesbofobia, bifobia eta transfobiari errefusa" agertzeko horrela.
Larunbatean lokarri horiek eskuratzeko aukera izan ez zuten pertsonak elkartearen egoitzara joan daitezke bila: Donostian daukate, Kolon Pasealekuko 50. zenbakian. Izen-abizenak, helbide elektronikoa, zein kirol egiten den eta zein klubetan; horiek dira zehaztu beharreko lau gauzak.
Behin lokarriak lortuta, argazki bat egitea eta ortzadarliga@gehitu.org helbide elektronikora bidaltzea dira kanpaina bultzatzeko egin daitekeen ekintzetako bat.