Aurtengoan ere Sasoeta eta Landaberri eskoletan Agenda 21 ekimena burutu dute. Azken urteetan ingurugiroarekin zerikusia duten zenbait gai landu dituzte. Energia berriztagarriak eta mugikortasuna izan dituzte aurtengoan ardatz eta gaurkoan udal ordezkariei hainbat proposamen egin dizkiete.
Kaleko argiteriari dagokionez, farola zaharrak aldatu eta LEDak jartzea eskatu dute ikasleek, baita gutxiago gastatzeko zenbait lekuetan hauek itzaltzea. Jesus Zaballos alkateak esan die pixkanaka LEDak jarriko direla herri guztian eta zenbait auzotan dagoeneko espaloiaren alde bakarra argiztatzen dela gauetan “beti ere, inguruko segurtasuna bermatuta dagoela ziurtatuta”. Horretaz gain, esan die dagoeneko Biyak bat egoitzaren aurrean zebra-bidea argitzeko mugimendu detektorea jarriko dela jendea zain dagoela argia piztu dadin. Honakoa esperientzia pilotoa izango da.
Bestalde, bidegorri sare luzeagoa nahi dute herriko gaztetxoek. Bizikletan euren eskoletara joan nahi dute eta alkateak aipatu die Landaberrirako lotura esaterako ez dagokiola udalari egitea, Aldundiari baizik.
“Hala ere proiektua egon badago eta ea azkar gauzatzen duen Aldundiak. Udalak hala ere Sasoetarako bidea jarri beharko luke eta horretaz gain, hainbestetan eskatu zaizkigun bizikletak aparkatzeko leku gehiago. Bai herrian zehar baita eskola guztien aurrean ere”.
Jendeak kontsumo baxuko bonbillak erabiltzeko kanpainak ere beharrezkoak direla uste dute gaztetxoek eta argi gutxiago kontsumitzen duten herritarrei fakturetan murrizketak egitea proposatu dute. Zaballosek kanpainak egin direla erantzun du baina murrizketa soilik uraren kontsumoan egin ahal izango zuela udalak bestean “ez daukagu eskumenik”. Horretaz gain, ikasleek esan dute ea Udaletxean zergatik ez dauden eguzki plakak eta erantzun zaie Usurbilgo Lanbide eskolako ikasleek udaletxea aztertuko dutela energia aurrezteko neurri gehiago non aplikatu daitezkeen jakiteko.
Batzarrari amaiera emateko, bertso bat bota dute gaztetxoek eta familia argazkia egin dute.