Palomo Linares, 50. urteurrenaren atarian

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 30a

Urte berezia izango da 2017.a Palomo Linares elkarteko kideentzat. 50 urte beteko dituzte. 50a baino lehen 49a dator ordea, eta, urtero legez, bazkaria egin dute elkartean bertan, urteurrena ospatzeko.

49. urteurrena ospatu dute gaur Palomo Linares elkarteko kideek. Ohi bezala, mahaiaren bueltan bildu dira, bazkari legea egin bitartean menu goxo bat dastatzeko. Jaten hasi aurretik, Jose Mari Escribano lehendakariak hartu du hitza. "Espero dut zuen gustukoa izango dela menua; orain arte egin bezala, elkar gaitezela urtero-urtero elkartean, urteurrenak ospatzen jarraitzeko". Era berean, minutu bateko isilunea egin dute, urte honetan zendu diren bazkideen omenez. On Ramon Uribe-Etxebarria apaizak mahaia bedeinkatu ostean hasi da bazkaria.

Urdaiazpikoa eta patearekin hasi dira; ondoren, entsalada epel goxoa jan dute; hori eta gero, bakailaoa saltsan; gero etorriko zenari tokia egiteko sorbetea edan dute; azpizunari ekin diote ondoren; eta txokolate zein kremazko hojaldrearekin amaitu. Giro ederrean bete dituzte sabelak denek.

Berezia izango da oso 2017. urtea elkartearentzat. Izan ere, sortu zenetik mende erdia beteko da. 49. urteurreneko ospakizunak amaitzearekin batera, 50.ekoei ekin diete jada.