Erraustegiari "ez" esan diote 1.000tik gora lasarteoriatarrek gaur goizean, Onkologikoa eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza lotu dituen giza-katean. Antolatzaileek espero zutena baino dezente ozenagoa izan da aldarria, gainera: gure herriak bete behar zuen gunea -Easo Plazatik Londres hotelera artekoa- kubritzeko 500 lagunen parte-hartzea aurreikusten zuen Aire Garbia plataformak, eta, gutxienez, bikoiztu egin da kopurua. Eskutatik helduta, Aldundiak Zubietan eraiki nahi duen plantari errefusa agertu diote herritarrek.
Ekitaldiaren antolatzaileek zehaztu dutenez, 5.000 lagun inguru izan dira gaur goizean Donostian. Lekukoa Gipuzkoa plazarantz gerturatu ahala, desegiten joan da giza-katea. Behin hara iritsita, Donostiara bertaratutakoek ekitaldi nagusian hartu dute parte. Arratsaldean, Gipuzkoa Zutik mugimenduak deituta, protesta-kanpaldia egingo dute Gipuzkoa plazan bertan. Gaua bertan igarotzeko asmoa daukate.
Sare sozialetan ikaragarrizko oihartzuna izan du Donostiako giza-kateak. Estatu mailako joeren artean hirugarren aipatuena izaten ari da #erraustegirikez traola.