Amaiera, festa giroan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 28a

Aurtengo denboraldia festa handi batekin itxi du Ostadar SKTk. Loidibarren pilotalekuak kolore urdin-beltzak hartu ditu gaur. Ohi bezala, sari-banaketa izan da jaialdiko ekitaldi nagusia.

Giro ederrean esan dio agur Ostadar SKTk 2015-16 denboraldiari. Loidibarren pilotalekuan herritar ugari bildu dira arratsaldean zehar. Batez ere, Auzolan, Kirolari Onena eta jokalari jatorrenen sariak banatu direnean.

Jon Ander Puertas errugbi jokalaria izan da oholtzatxora igotzen lehenengoa. Denboraldi bikaina egin du herritarrak. Hernanirekin Ohorezko Mailan ari da, eta maila mantentzea lortu du taldeak; bestalde, Espainiako 20 urtez azpiko selekzioarekin Europako txapeldun izan zen iaz, azaroan. Guztiz merezitako saria, beraz.

Ondoren, gorri koloreak ordezkatu du urdin-beltza. Euskararen Maratoia egitasmoak jaso du Auzolan saria. Aurtengoa 9. edizioa izango da; duela 30 urte egin zuten lehenengoa. Udaleko Euskara teknikari Iñaki Arruti eta Ttakun KEko kultur arduradun Naiara Mugikak jaso dute saria. Esker hitzak izan dituzte, eta gogorarazi dute aurtengoan ez direla 40 ordu euskaraz, 40 egun baizik. Horretarako, 300 'ahobizi' eta 3.000 'belarriprest' behar dituztela ere gogoratu dute, eta jendea parte hartzera animatu. 

Ondoren, zortzikoteko hainbat kide igo dira oholtza gainera. Urrian herriari astindua emango dioten zortzi izenak ez zeuden gaur oholtza gainean, baina inork ez du antzeman diferentzia handirik, zortzi lagun aritu baitira dantzan oholtza gainean. Zortzikoteko bost, eta hiru kirolari herritar: Jon Ander Puertas bera, Realeko jokalari Iraia Iparragirre eta Asegarceko pilotari Axier Arteaga -Arteaga II.a-. 

Jokalari jatorrak

Bukatzeko, areto-futbol, saskibaloi eta futbol taldeetako jokalari jatorrenek sariak jaso dituzte. Honako hauek igo dira oholtzara: saskibaloian, Larraitz Izagirre -parte hartze kadeteak-, Leire Beldarrain -errendimendu kadeteak-, Uxue Ariztimuño -parte hartze juniorrak-, Yaiza Navarro -Euskal Ligako juniorrak- eta Javier Martinez -gizonezkoen senior probintziala-. Areto-futbolean, berriz, hiru jokalari saritu dituzte. Jubeniletan, Josu Artola; Gipuzkoako 2. mailan, Ruben Ruiz; eta 3. Nazional mailan, Dani Bidaurreta.

Futbolean ere banatu dituzte hainbat sari. Alebinetan, Oier Garcia eta Endika Izagirre; infantil 1go mailan, Xabi Vazquez eta Unai Otaegi; infantil txikian, Oier Perez; Ohorezko Infantilean, Ekain Carrasco; kadete 1go mailan, Xabi Landa; Ohorezko Kadetean, Beñat Negredo; jubenil 1go mailan, Iker Fernandino 'Txistu'; Ohorezko Jubenilean, Unai Iribar; Erregional 1go mailan, Armando Aguilera 'Cola'; Emakumezkoen Lurralde mailan, Leire Gartzia; eta Ohorezko Erregional mailan, Sergio Barquero.

Sariak eman bitartean eta aurretik, tabernan pintxo goxoak eta edari freskoak dastatu dituzte herritarrek. Era berean, hainbatek pilotaleku alboko kirol-guneetan hartu dute parte.

Arratsaldeko ekitaldiak biltzen dituen argazki galeria