Udal Kiroldegian jokatutako gaurko final handian Ibon Irazusta -Izkiña- eta Francisco Iglesias -Txindoki- atezainak izan dira protagonista nagusiak. Eta ez soilik egin dituzten geldiketa ugari eta harrigarriengatik. Lehenengo zatiko hamabosgarren minutuan, Irazustak ateko sakea egin, eta Iglesiasen ate barruan bukatu du. Txindokiko jokalariek protestatu egin dute jokaldia, esanez atezainari falta egin zaiola area barruan, baina epaileei ez zaie hala iruditu eta 0-1ekoa markagailura igo da. Golaren aurretik, Izkiñak sortu ditu abagune gehiago, baina bi taldeetako bakoitza bestearen erasoko jokoa mugatzen saiatu da nagusiki. Ez du askoz gehiagorako eman lehenengo zatiak, eta emaitza horrekin iritsi dira bi taldeak atsedenaldira.
Bai, ordea, bigarrenak: kolore guztietako aukerak eduki ditu Txindoki tabernak, gogotik estutu du, baina behin eta berriro Irazustak zapuztu ditu more koloreko jokalariak. Izkiña ongi aritu da defentsa lanetan, eta Iglesiasen ate ingurura hurbildu denean ez du barkatu. Gauzak horrela, 0-2koa sartu du Ares Gonzalezek, jaurtiketa gurutzatu baten bitartez. Txindokik arriskatzea erabaki du eta atezain-jokalaria atera kantxara, baina ezin izan du aldea murriztu, abagune garbiren bat edo beste sortu arren. Era berean, Izkiña bikain aritu da kontraerasoetan, eta pare bat jaurtiketa kanpora bota eta gero Iñaki Lopezek erabakita utzi du finala, 0-3koa eskuratuz. Markagailua ez da gehiago mugitu, eta, beraz, Izkiña da aurtengo txapelduna. Hiru urtean bi aldiz jantzi dute txapela eta altxatu ikurrina.
Kontsolazioa, Reformas Lagunakentzat
Reformas Lagunakek ere altxatu du kopa bat gaurkoan: Kontsolazio Ligakoa. Also taberna 3-2 garaitu du; emozioz beterikoa izan da partidua. Gerora txapeldun izango zirenak aurreratu dira markagailuan, Alfonso Molneroren gol bati esker. Alsoko jokalari Ivan Sanchok banakoa ezarri du markagailuan lehenengo zatia amaitu aurretik, eta emaitza horrekin erretiratu dira atseden hartzera bi taldeak.
Bigarren zatian hobeto aritu da Reformas Lagunak, eta Emilio Peinadoren bi goli esker 3-1 aurreratu. Alsok, ordea, ez du bandera zuria atera eta borrokatzen jarraitu du. Penalti jaurtiketa baten bitartez 3-2koa sartu du Sanchok. Sei minutu falta ziren partidua amaitzeko. Alsok bere esku zegoen guztia egin du norgehiagoka berdintzeko, atezain-jokalari eta guzti, baina ez du lortu. Beraz, aurtengo Kontsolazio Liga Reformas Lagunakek poltsikoratu du.
Jalguneko jokalari trebeak
Aipatu bi finalen artean, Jalguneko kideek lagunarteko partidutxo bat jokatu dute, giro ederrean. Baloia oinetan dutela trebeak direla erakutsi dute, eta gol mordoa sartu. Reformas Lagunak taldeko hainbat jokalari ere aritu dira eurekin batera. Ibili dira gora eta behera, eraso zein defentsan, gogotik izerditu dute, baina beti bezala, nekeak ez die irribarrea ezabatu ahotik.
Bazkaria eta sari banaketa
Uneotan, 90 bat pertsona inguru bazkari legea egiten ari dira Loidibarren pilotalekuan. Ostadar SKTko areto-futbol alorrak antolatuta, menu goxoa ari dira dastatzen. Gero, 16:00etan, sari-banaketa ekitaldia egingo dute frontoian bertan.
Arratsaldean jarraituko du Ostadar SKTren festak. 17:00etan irekiko dira kirol-gune desberdinak (saskibaloia, eskalada, tenisa, futbola...), eta baita tabernatxoa ere, edari fresko eta pintxoekin. 17:30ean Ipar Martxa alorreko kideek irteera egingo dute. Handik bi ordura, sari-banaketa ekitaldia hasiko da. Euskararen Maratoiak jasoko du Auzolan saria eta Jon Ander Puertas errugbi jokalariak kirolari onenarena. Horren ostean, talde bakoitzeko jokalari jatorrenek ere jasoko dute oroigarri bat. Horrekin ez da bukatuko festa, ordea, 20:45ean hasiko den futboleko Champions League finala ikusteko pantaila handi bat jarriko baitute antolatzaileek Loidibarrenen.
Goizean zeharreko partiduen irudiekin osatutako argazki galeria