Langileen egoera prekarioa salatzeko helburuarekin, ekintzaz jositako Borroka Astea antolatu du LAB sindikatuak. Gaur arratsaldean aurkeztu du, Askatasunaren plazan. Gure herrian ekintza bi egingo dituzte datorren astean: udaletxe zaharraren aurrean elkarretaratzea egingo dute maiatzaren 30ean, astelehenarekin, udaletxe zaharraren parean, 19:30ean; ostiralean berriz, ekainak 3, Buruntzaldea mailako manifestazioa abiatuko da Okendo plazatik, 19:30ean baita ere.
Aipatu astearen aurrekari gisa, manifestaziora deitu dute gaur arratsaldean; Bilbon izango da, 17:30etik aurrera.
Borroka Asteko Ekintzak
LABeko kideek datorren astean egingo dituzten ekintzen berri eman dute gaurkoan. Arestian aipatu legez, astelehenean elkarretaratzea egingo da Lasarte-Orian, 19:30ean, udaletxe zaharraren parean. Horrez gain, Hernanin eta Usurbilen ere elkartuko dira, Zinkoenean eta Mikel Laboa plazan, hurrenez hurren. Arratsaldeko zazpi t'erdietan hasiko dira bi horiek ere.
Ekainaren 2an, ostegunarekin, mahai ingurua prestatu dute. Hernaniko Biteri kultur etxean. Horretan Ernaik, Bilgune Feministak, Sortuk eta LABek berak hartuko dute parte.
Amaitzeko, beste ekintza pare bat egingo dituzte ostiralean. Goizeko hamarretan kotxe karabana irtengo da Usurbilgo Ingemarretik abiatuta. Arratsaldean berriz, 19:30ean hasita, Buruntzaldea mailako manifestazioa abiatuko da Okendo plazatik.
"Heldu den astean burutuko ditugun ekimenetan parte hartzera deitzen dugu jendeartea, bai eta hemendik aurrerakoetan ere", aipatu dute LABeko kideek.
"Nazkatuta gaude"
Langileek egunerokotasunean bizi duten egoera prekarioa salatu du LABek agerraldian: "Lantokietan bizi dugunak ez du itxura onik, eta ez hoberantz egingo duenaren joerarik ere; langileria osoa barnebiltzen du prekarietatearen sareak, hasi ETTetatik, lanaldi partzialetatik, soldata baxuetatik, EREetatik... Euskal Herriko herrialde guztietan hamaika dira hori ageriko egiten duten adibideak, eta nazkatuta gaude".
"Kokoteraino gaude ordu estrataz, mugarik gabeko lanaldietaz, diskriminazioaz, istripuez... Botere ekonomikoak, patronalak eta eserleku erosoetan dauden hainbatek egoera hau iraunaraztea besterik ez dute buruan, langileria prekarizatu eta sumiso baten gainean, eredu kapitalista-patriarkal hau mantentzeko asmoz", gaineratu dute.
Horren aurrean, LABek nabarmentzen du badagoela "zer egina", eta langileriak ezin duela "besoak gurutzatuta" geratu. "Badira borrokarako espazioak, eta berriak eraiki behar badira, eraiki beharko dira, norbere baitatik, lantokietatik, kaletik...hasita, eskuz esku, elkarlanean jorratuz, borrokatuz eta bideak batuz".
Sindikatuak gaurko agerraldian azpimarratu duenez, "borroka" da "lanaren eta aberastasunaren banaketa" lortzeko egin beharrekoa, "pobreziari eta prekarietateari aurre egin ahal izateko horrela".