Udalaren sostenguarekin antolatu du aurten ere Erketz dantza taldeak asteburu osoko egitaraua. Herriko euskal dantza taldeak ohitura zuen Dantzari Txiki Eguna antolatzea, aurtengoa esaterako 28. edizioa izango da.
Iaz Euskal Dantzei asteburu osoa eskaintzea erabaki zuen taldeak eta aurtengoan ere jarraipena eman diote egitasmoari.
Asteazkenean, Udaleko ordezkariekin batera, Jesus Zaballos alkatea tartean, Erketzeko ordezkariek agerraldia egin zuten Antonio Mercero plazan asteburuko egitaraua aurkezteko.
Gaizka Ormazabalek azaldu zuenez, biharkoan Nafarroako Faltzes herritik Makaia dantza taldea etorriko da eta Andoaingo Urki. 18:00etan desfilea hasiko dute Zumaburu eskolatik, bertan du herriko dantza taldeak entsegu lekua, eta Okendo plazara bidean zaharren egoitzan eta zentroko autobus geltokian dantzak eskainiko dituzte.
19:00etan Okendon hasiko da ekitaldi nagusia eta honetan bakoitzak 20 minutu inguruko emanaldia egingo du.
“Uste dugu emanaldiak ordu beteko iraupena izango duela, eguraldi txarra egitekotan, desfilea bertan behera geratuko litzateke eta emanaldia kultur etxera mugituko genuke”, azpimarratu nahi izan zuen Ormazabalek.
200 parte hartzaile
Dantzari Txiki egunari dagokionez, 28. edizioa izango da igandekoa.
11:00etan, Faltzesko Makaia, Errenteriko Ereintza, Sestaoko Salleko, Usurbilgo Orbeldi eta herriko Kukukako dantzariek bat egingo dute Erketzekoekin Isla plazan. Bertan hamaiketakoa egin eta ondoren, taldeko herriko auzoetan dantzak eskainiko dituzte.
16:30ean Okendon elkartu eta kalejirarekin hasiko dira denak, jarraian 17:00ak aldera, emanaldiari hasiera emango diotela aurreikusten da.
“Talde bakoitzetik bikote batek agurra dantzatuko du oholtzan eta ondoren talde bakoitzak dantza bat edo bi eskainiko ditu, hamar bat minutu. Ikuskizunari amaiera emateko Fandango, Arin-Arin eta kalejira bat egingo dugu denek”.
200 ume inguru espero dituzte Erketzekoek aurtengoan. Dantzariek Ttirriki-Ttarrakakoak izango dituzte lagun herria euren doinuekin girotzen.
Iganderako, larunbaterako bezala, prestatu dute beste agertoki bat eguraldi txarra egingo balu. “Kasu honetan emanaldia Michelinen egingo litzateke”.
Erketz eta Udaleko ordezkariek agerraldian herritarrak animatu nahi izan zituzten bertaratzeko. “Bi egunetako ikuskizunak politak izango dira. Igandean hainbeste haur dantzan ikustekoa izango dela uste dugu”, aipatu zuen Erketzeko idazkari Gaizka Ormazabalek.