Titularreko esaldia zentzu figuratuan ulertu behar da, jakina, herritarrek pasa den asteburuan egin zituzten probek aldapa majo askoak baitzituzten. Maldak, ordea, ez dira izaten horren gogorrak, baldin eta gustuko kirola praktikatzen bada eta zaleen etengabeko animoak jasotzen badira.
Azken hori da Zegama-Aizkorri mendi maratoi entzutetsua berezi egiten duen ezaugarrietako bat. Eguraldia ezin kaskarragoa izan bazen ere, zale ugari bildu ziren ibilbide izkinetan, lasterkariei animoak emateko. Horien artean egon ziren Ivan Granado eta Xabier Carcedo herritarrak. Biek lortu zuten proba amaitzea.
Granadok bost orduetatik jaistea zuen xede, baina ezin izan zuen lortu, lau minuturengatik. Dena den, “pozik” dago egindako lanarekin: “Eguraldi oso txarra egin zuen igandean; 40 minutuz eskuak ez nituen sentitu ere egiten. Hainbat korrikalarik ezin izan dituzte egin euren markak, hamar minutu goitik ibili dira, eta, nik, behintzat, iaz baino sei gutxiago egin ditut”. Helmugara 78. postuan iritsi zen. Oihana Kortazar eta Maite Maioraren mailako ultra lasterkariak baino lehenago helmugaratu zen herritarra.
Xabier Carcedok lehenengo aldiz bizitu zuen Zegama-Aizkorri, igandean. Horrela laburbildu digu esperientzia: “Primeran bukatu nuen proba, baina benetan gogorra iruditu zait; lehenengo zatian, Aizkorri puntaraino, gozatu egin nuen; gero, Urbiaraino, mantso eta sufritzen, eskuak izoztuta, eta 28. kilometrotik aurrera berriro gozatzen”. Muskularki “primeran” bukatu zuen, eta giroa zein antolakuntza “zoragarriak” direla esan. Sei ordu eta erditan amaitu zuen.
Beñat Los Arcos, podiumean
Goizutrail probako ibilbide laburrean –10 kilometro– bigarren helmugaratu zen Beñat Los Arcos herritarra, iragan larunbatean. 55 minutu eta 36 segundotan osatu zuen ibilbidea. Xabi Intxauspe hernaniarra gailendu zen, 54:30eko denbora eginez. Podiuma Mario Lavin lekunberriarrak osatu zuen. Lasterketa ongi ematen zaio Los Arcosi, iaz hirugarren postua eskuratu baitzuen.
Miguel Granado herritarrak ere jokatu zuen aipatu proba hori; hamaseigarren postuan iritsi zen helmugara. Ordubete, hamaika minutu eta hamahiru segundotan geratu zuen kronometroa lastekari lasarteoriatarrak.