Badator Teresa sorgina!

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 27a

Uda gerturatzen ari da eta badatoz lehenengo festak gurera. Zabaletako bizilagunak asteartean hasiko dira motorrak berotzen. Ohi bezala joko ezberdinak antolatu dituzte haur eta gaztetxoentzat astearte, asteazken eta ostegunean. Ostiraletik aurrera berriz festak eztanda egingo du.

Zabaletako jaiak ate joka daude. Asteartetik haur eta gaztetxoentzako jolasak izango dira arratsaldero. Txikienek ez dute aspertzeko tarterik izango, asteartean eskulan ezberdinak egiteko aukera izango dute, kamisetak margotu, bitxiak egin... egun honetan kamiseta margoketan parte hartzeko, etxetik elastiko zuria eraman beharko dute umeek. Asteazkenean arrantza eta bestelako jolasak egingo dira baita antzerki saioa ere. Ostegunean berriz, familia jolasen txanda izango da. 18:00etatik aurrera izango dira egunero eta ohitura den bezala, 20:00etan japoniar bonbak jaurtiko dira.

Asteburuari begira, ostiralean antzerki saioak irekiko du ekintza sorta zabala. Ondoren, txokolatada gozoa dastatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek eta 19:00etan Teresa sorginari ongi etorria emango zaio pregoia eta txalapartaren doinuekin. Jarraian, dantza eta twister joko erraldoian parte hartu ahal izango da. 19:15ean, Dinbi Banda batukadaren doinuek girotuko dute auzoa Jalguneren emanaldiari hasiera eman aurretik. 22:00etan Kukukako dantza garaikideko ikasleen emanaldiaz gozatu ahal izango da eta egunari amaiera emateko, musikak hartuko du lekukoa eta Gureran eta Iratzar taldeen kontzertuak izango dira.

Ekintza sorta astebururako

Larunbatean berriz, 9:00etako dianak esnatuko ditu Zabaletako bizilagunak. 11:00etan, hirugarren Sorgin krosa egingo da eta auzotik 6,6km-ko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek. Honetan izena ematea doan da eta dagoeneko aukera dago auzoko dendan, Artizar tabernan eta egunean bertan, Antonio Blas plazan. Aurreko bi edizioetan Raul Gomez Margallo izan da lehenengoa helmugaratzen. Ikusi behar aurtengoan errepikatu edota txapelak auzotarren batek janzten duen. Kroseko parte hartzaileek hamaiketakoa izango dute ondoren indarrak berreskuratzeko.

Eguerdian, IX. Joxe Migel Aranzadi eskoba txapelketa jokatuko da eta bazkal ostean berriz, mus txapelketa. Arratsaldean txirrindulariek hartuko dute auzoa eta lasterketak izango dira 18:00ak arte. Ondoren, herri kiroletan trebatzeko aukera izango dute etxeko txikienek. Gorputza astintzeko tartea izango da ere euskal zumba dantza saioarekin eta japoniar bonbekin bukatuko da txikien tartea.

Ohiturari jarraiki, bertsoak izango dira parranda gauaren aurrekari. Bertan arituko dira Ane Labaka, Oihan Iguaran, Unai Gaztelumendi eta Asier Azpiroz Unai Muñoa gai jartzaile izango dutelarik. Gau erdia iristearekin batera Bihozkada eta Erokomeri taldeen kontzertuak izango dira.  

Igandean 9:00etan diana eta auzo garbiketa egingo da parranda gaueko aztarnak borratzeko. Horrela, 11:00etan Kukukaren euskal dantza saioa izango da. Ordu berean, tortilla lehiaketa hasiko da. 12:00etan txarangak girotuko du auzoa eta ondoren, Idoia Etxeberria harri jasotzailearen saioa izango da. 13:15ean proba misto nagusia egingo dute auzotarrek eta herri bazkaria jarraian. Arratsaldean, Xumela abesbatzarekin kantu festa izango da eta dantza Errebal taldearekin. Toka txapelketa egingo da eta 20:30ean, Teresa sorginari agur esango diote zabaletatarrek.