Bederatzi domina erdietsi dituzte LOKEko atleta jubenil eta juniorrek, kategoria horietako Euskadiko txapelketan, Durangon. Oscar Goikoetxea prestatzailearen balorazioak ezin zuen bestelakoa izan: “Asteburua oso ongi joan zen; Espainiakoetan aritzeko gutxienekoak lortu zituzten zenbait atletak, ain-tzat hartuta gainera oraindik ez daudela euren sasoi puntu onenean, aire libreko denboraldiaren fase erabakigarriena ez baita iritsi oraindik”.
Amaia Harto eta Xalba Otxandorena jubenilek brontzezko domina bana kolkoratu zuten, jabalina jaurtiketan eta jauzi hirukoitzean, hurrenez hurren.
Beste zazpiak junior mailakoek lortu zituzten. Eneritz Bustok, bi: urrea 100 metro lauetan eta zilarrezkoa 100 metro hesietan. Ane Galardik beste pare bat jantzi zituen, urrezkoa eta zilarrezkoa baita ere, luzerakoan zein jauzi hirukoitzean, hurrenez hurren. Maider Rekondo jaurtitzaileak, azkenik, bi urre eta brontze bat ekarri zituen Durangotik bueltan: urrezkoak pisu zein disko jaurtiketa probetan lortu zituen, eta brontzezkoa jabalina jaurtitzen. Guztira, beraz, bederatzi domina zakura.
Asteburu honetan, Super Amara BAT taldearekin kluben ligan ariko dira LOKEko zenbait atleta emakumezko. Gizonezkoetan, BATeko taldekideetako bat Gaizka Ormazabal herritarra izango da. Madrilen konpetituko du.
Datorren asteburuan, aldiz, absolutu mailako Gipuzkoako txapelketa jokatuko du LOKEk. Eta, hemendik bi astera, Euskadikoa.
Harrobia, sendo
Eskolarteko mailan ari diren gaztetxoak proba konbinatuen txapelketan ariko dira, belodromoan. “Gipuzkoa mailan hobekien aritzen diren atletak ariko dira han; gurekin dabiltzan hamar gaztetxo egongo dira horien artean. Batzuek, gainera, domina lortzeko aukerak dituzte”, azpimarratu du Goikoetxeak.
Bestalde, Landaberri ikastetxeko infantilak bigarren izan ziren Ordizian, taldekakoan. Hori gutxi balitz, klubaren historian aurrenekoz, kategoria horretan mutilen taldea ere atera dute. Argi du Goikoetxeak: “Herrian etorkizuna dauka klubak eta atletismoak; harrobi sendoa daukagu”.